Etiopia
(Izen ofiziala, Etiopiako Errepublika Federal Demokratikoa; antzina, Abisinia; amhareraz, Ityopya). Afrikako ekialdeko estatua, Afrikako handienetakoa neurriz eta biztanle kopuruz, “Afrikako adarra” deritzon lurraldean. 1.104.300 km2 eta 76.500.000 biztanle (2007, etiopiarrak). Mugak: iparraldean, Eritrea (antzina Etiopiako lurralde izana); mendebaldean, Sudan; hegoaldean, Kenia; ekialdean, Djibuti eta Somalia. Hiriburua: Addis Abeba (3.627.934 biztanle, 2007). Hiri nagusiak: Dire Dawa, Gondar, Nazret. Hizkuntzak: amharera (ofiziala); hizkuntza kamitak eta semitak ere mintzatzen dira. Gizatalde nagusiak: oromoak (% 40), amharak eta tigreak (% 32), shangallak (% 6). Erlijioa: kristau koptoak, musulmanak, animistak Dirua: birr-a. ■ Oro har, historian zehar beste herrialde batzuen eraginpean egon den arren, eta sarritan okupatua izan den arren, Afrikan erabat kolonizatu ez duten herrialde bakarretakoa da, eta bertako eta munduko herrialde independenterik zaharrenetakoa da. Bigarren Mundu Gerraz geroztik, munduko herrialderik handienen mende egon dira Etiopiako ekonomia, politika eta gudarostea. Ekonomian defizit handiak ditu, eta herrialde barneko egoera nahasiari egotzi izan zaio horren errua. Dena dela, lehorte izugarriak jasan ditu eta gosete larriak eragin ditu horrek, batez ere 1970. urte inguruan eta 1980ko hamarraldian. Etiopiak nazioarteko laguntzen beharra izan du hondamen horiek gainditzeko. ■ Orografia eta klima. Etiopiako Mendiak daude mendebalean, eta Ras Dashen (4.600 m) eta Shewan mendiak (4.150 m) dira bertako gailurrik garaienak; Danakil izeneko basamortua dago ekialdean, eta 4.000 metrotik gorako gailurrak dituen Harer mendialdea. Iparraldera jotzen duten ibai nagusiak Atbara eta Abbai (Nilo Urdina) dira; Nilo ibaian isurtzen dute ura. Hegoaldera jotzen dutenak, berriz, Juba eta Webbe Xibeli izenekoak dira. Tana aintzira (72 kilometro luze eta 60 zabal, 1.942 metroko goratasunean) dago iparraldean eta bertan jaiotzen da Nilo Urdina. Sakonune handi bat dago hego-mendebalean, aintzira ugariz hornitua: Zwai, Langana, Awusa, Abaia, Txamo, Estefania eta Rodolfo, azken hori Sudan eta Keniako mugan. Behe-lurretan klima bero hezea dute, landaretza oparoa da eta tropikoko fruituak lantzen dituzte. Lur hauetan elefanteak, hipopotamoak, bi adarreko errinozeronteak, zebrak, jirafak eta orkatzak bizi dira. Erdialdeak klima leunagoa du, eta Mediterraneoko fruituak jasotzen dira bertan. Klima epeleko mendialdeetan aleak ereiten dira. 3.650 metrotik gora, Alpeetako itxura du landaretzak. Goi-lurretan ugariak dira bufaloak, basahuntzak, hienak, lehoiak, leopardoak, ahuntzak, eta 3.000 metrotaraino tximinoak eta babuinoak. v Biztanleria. Amhariarrak dira eragin handiena duten biztanleak, lau milioi inguru izan arren. Hizkuntzaz kamitak dira, arabiera eta hizkuntza beltzekin nahastuak; erlijioz koptoak eta lurraldearen heren bat hartzen dute. Gallak kristauak, musulmanak edo animistak dira, eta Etiopiako erdia inguru osatzen dute. Kamitak dira, eta artzaintza dute lanbide nagusi. Somaliarrak Harar aldean eta hego-mendebalean bizi dira. Erlijioari dagokionez, gurtza askatasuna dago, baina Eliza kristau koptoak izan du garrantzi handiena enperadorearen, administrazioaren eta amhariarren erlijioa izan delako. v Ekonomia. Behe-Lurretako (1800-2500 metroko goratasunean) ekonomia nekazaritzan (aleak, fruitak, kafea) oinarritua da (180.000 tona 1988. urtean). Beherago kotoia, artoa, eta abere hazkuntza (zebuak, astoak, mandoak eta arkumeak batez ere) dira irabazpide handiena ematen dutenak. Lurralde epeletan eta hotzetan artatxikia, barazkiak eta fruituak, etiopiarren ohiko jakiak, lantzen dira. Industria (ehungintza, larrugintza, janari industria) Addis Abeba eta Asmara inguruan dago. Hidroelektrizitatea Auax-en. Atzerri-merkataritzaren oinarrian, kafea, tabakoa eta nekazaritzako gaiak daude; inportazio maila handia da (ehunak, makinak). Garraioei dagokienez, lurrak hainbeste alde dituelarik, komunikazio sarearen mende daude (2.000 km errepide 1967an, 13.195 km 1989an). Bi burdinbide nagusi ditu; Addis Abeba eta Djibuti lotzen duena da garrantzitsuena. 90 aerodromo ditu. ■ Biztanleak. Etiopiako ezaugarri nagusietako bat etnien aniztasuna da; biztanle gehienak oromoak edo gallak dira (18.000 biztanle inguru), baina kontuan hartzekoak dira, besteak beste, amharak eta somaliarrak ere. Oro har, etnia bakoitza bizi den lurraldearen arabera banaturiko administrazio barrutietan dago antolatua Etiopia; horrela, mendialdeetan amharak bizi dira, Addis Abeba ingururaino; oromoak edo gallak, berriz, erdialdean eta hegoaldean bizi dira, goi ordokietan; shangallak ekialdean, Eritreatik Turkanara bitartean, eta somaliarrak ekialdean eta hego-ekialdean. Hizkuntzei dagokionez ere, aberastasun handiko lurraldea da Etiopia. Biztanle gehienek hizkuntza semitak edo kusitak erabiltzen dituzte. Semita da, hain zuzen ere, Etiopiako hizkuntza ofiziala, amharera. Dena dela, etnia, erlijio eta hizkuntza aniztasun horrek zeresan handia izan du Etiopian, aberastasuna ekarri duen arren, gizataldeen arteko arazo eta liskar ugariren iturri ere izan baita hizkuntza, erlijio eta kulturaren beste ezaugarri batzuetan duten desberdintasunagatik. Bizi itxaropena 47 urtekoa da gizonentzat eta 49koa emakumeentzat, munduko apalenetakoa. Jaiotza tasa garaia da oso, eta heriotza tasa ere altua den arren, bizkor hazten ari da biztanle kopurua. ■ Ekonomia. Etiopia munduko herrialderik pobreenetakoa (pertsona eta urteko 100 dolarreko errenta) eta atzeratuenetakoa da. Ekonomiaren oinarria nekazaritza da (biztanleen hiru laurdenak enplegatzen ditu, eta barne produktu gordinaren % 50 eta esportazioen % 90 hartzen du), eta artzaintzak ere garrantzi handia du. Nekazaritzako gai nagusiak laboreak dira, baina lehorte larrien eraginez askotan inportatu behar izan dituzte oinarrizko elikagaiak; dena dela, lehorteez gainera, arazo ugari sortzen dituzte teknika modernorik ezak eta herrialde barneko liskarrek. Industria oso atzeratuta dago, ehungintza eta elikagai industria dira jarduera aipagarri bakarretakoak, eta horiek ere barne kontsumorako behar dena bakarrik ekoizten dute. Lurpeko aberastasunei dagokienez, Etiopiak baditu zenbait aberastasun baina ez dira behar bezala ustiatzen. Energia beharrak asetzeko zura erabiltzen da batez ere, eta horren eraginez basoak soiltzen eta higadura arazoak sortzen ari dira. Atzerrirako merkataritzako gai nagusiak nekazaritzako gaiak, lekariak, larrua eta, batez ere, kafea (esportazioen % 60) dira; kafea da, jatorriz Etiopiako produktua, bertako aberastasun bakarretakoa, baina merkatuko prezioen eta uztaren gorabeheren mende dago. 1973ko eta 1984ko gertaera lazgarriek (erregimen aldaketak eta barne gatazkak, eritrearren eta somaliarren altxamenduak) gastu militar izugarriak ekarri zituzten. Gerra zibilaren eta ekonomiaren kolektibizazioaren eraginez Etiopiako ekonomiak hondoa jo zuen, eta 1990ean merkatu ekonomiara itzuli zenetik egoera berrira egokitzeko zailtasun handiak izan ditu. Gobernua estatuaren jabetzako lurraldeak saltzen hasi zen eta ekonomia liberalizatzeko neurriak hartzen ari da, baina ez dago garraio egokirik, ur falta handia da eta azpiegiturak oso kaskarrak dira; XX. mendea arte Etiopian oinez edo animalien gainean ibiltzen ziren bertako biztanleak, eta garraiobide berriak antolatzen ari diren arren, gaur egun oraindik jende eta ondasun asko garraiatzen dira oinez edo animalietan. 1999an, Eritrearekiko gerrak sortutako ihesaldi handien ondorioz, gosete latzak izan ziren eta lurra zeharo hondatuta geratu zen. Eritrearekin bakea sinatu ondoren, ia bi milioi gutxiago dira bizirik irauteko kanpoko laguntzaren premian dauden etiopiarrak. 2003-2005 bitartean, etiopiar ekonomiak % 10 egin du gora, baina hazkunde hori oso modu desberdinean banatu da lurralde osoan zehar. ■ Gobernua eta administrazioa. Gaur egun erregimen berrira egokitzeko prozesuan dago Etiopia. 1991n Mengistu agintetik kendu zutenean hasi zen trantsizioa. Ordezkarien batzar bat osatu zen trantsizioa bidera zezan eta batzar hark lehendakaria izendatu zuen; batzar horren ardura da Lehen Ministroa izendatzea ere. 1994an konstituzio berri bat eman zen eta 1995ean hauteskundeak antolatu ziren (oposizioak gorabeherak salatu zituen). Gaur egun (1991z gero) 14 probintziatan dago banatua lurraldea, eta, oro har, etnien bizilekuak kontuan harturik egin zen banaketa hori. 1993an Eritreako lurraldeak independentzia lortu zuen Etiopiarengandik; gerraren ondoren Etiopiako gudarostea banatu egin zen, eta gaur egun itsas armadarik ez du Etiopiak, Eritrearen esku gelditu baitzen. NBEko kidea da. ■ Historia. Aethiopia izena (“Irudi erreak”) beltzen zenbait lurralde adierazteko erabiltzen zuten greziarrek (Nubia, Sudan, Abisinia). Gaurko Etiopia antzina lurralde oso indartsua izan zen, eta K.a. VII. mendean Egipto hartu eta bertan agindu ere egin zuen (XXV. dinastia). Tradizioaren arabera, Sabako Erreginak (etiopiarren ustetan, Makeda zuen izena), Israelgo Salomon erregearekin seme bat izan zuen Menelik izenekoa, eta hark Jerusalemdik Aksumera, garai hartako Etiopiako hiriburura, eraman zuen Ituneko Kutxa. Bibliak Etiopia izendatzeko Kux deitura erabiltzen du. Hango biztanleak Hego-Arabiako etorkinak izan ziren, bake-bakean Kuxdarrak bizi ziren lurretara etorri eta Aksumgo erresuma sortu zutenak, leinuen artean hitzarmenak eginez. Aksumgo erregeak Erromaren eta Persiaren arteko guduetan nahastu ziren. Tradizioak dioenez, San Frumenziok eraman zuen kristautasuna bertara; baina historiak dioenez, Itsaso Gorrian bizitzen jarri ziren merkatari greko-erromatarren ekarria izan zen. K.o. 522. urtean, Kaleb Aksumeko erregeak, Bizantzioko Justinianok eskaturik, Yemeni eraso zion, Nejrango kristauak babesteko. Baina Mekako arabiarrek garaitu zituzten (570) eta ohildu zituzten Arabiatik. Erreinua gainbehera etorri zen eta mende bat geroago musulmanek hartu zituzten behe-lurrak eta erregeek hegoaldera jo behar izan zuten. Zagetarren dinastiak hiriburua Aksumetik Rohara aldatu zuen, eta bertan Lalibela erregeak (XIII. mendearen hasieran) zenbait eliza eraiki zituen. 1270ean, Salomondarren eskura joan zen agintea. Etiopiako kristauen eta musulman berrien arteko borroka, Zara Iakub erregeak Ifat-eko sultana 1445ean garaitu zuen arte luzatu zen. Errege horrek Eliza eraberritu zuen, eta fraideen eragin politikoa moztu eta heresiak zapaldu. XV. mendean, Etiopiaren eta Jerusalemen arteko harremanek Mendebaleko Elizarako bidea ireki zuten (Florentziako kontzilioa). XVI. mendean, Ahmad ibn Ibrahimen musulmanak lurralde zati bat menderatu zuen. 1541ean Portugalgo armada bat Massawan lehorreratu zen islamak Itsaso Gorriko bidea kontrola ez zezan. Portugaldarrez eta etiopiarrez osaturiko armada batek Harareko sultana eraso zuen eta Ahmad hil (1542), baina haren ondorengoak Claudius negusa garaitu eta hil zuen (1559). Beren etsaiak ahuldurik ikusirik, lurralde zati bat menderatu zuten Galla leinuek (Hego-Somalia eta Ipar-Kenia). XVII. mendearen hasieran Etiopiako kristauak Erromara hurbildu ziren Pedro Paez misiolari espainiarraren eraginez. Aldi batez gainbehera joan ondoren, Lij Kassa negusak (Teodoro III), feudalak azpiratu zituen. Haile Melikot Xoako errege garaituaren Menelik semea bere zerbitzura hartu zuen Teodoro III.ak. Baina bere politika zapaltzailea gero eta gogorragoa egin zen. 1863an Ingalaterraren eta Teodoro III.aren arteko harremanak guztiz zailak izan ziren eta azkenik ordezkari ingelesak preso sartu zituen Teodoro III.ak. Horiek askatzeko gudaroste bat igorri zuten ingelesek, eta Robert Napier buruzagiak Magdala gotorlekua hartu zuen (1868); Teodoro III.ak bere buruaz beste egin zuen. Tigreko Dejaz Kassaren eskuetara igaro zen agintea Joan IV. izenaz (1872-1889). Bere garaian oste kolonialek (Ingalaterra, Frantzia, Italia) lurraldea inguratu zuten. Egiptok iparrean egin zuen eraso, Sudango Mahdiak mendebala. Joan IV.ak egiptoarrak garaitu zituen Guran (1876) eta 1884an, lurraldea utzi zuten ingelesekin hitzarmen bat izenpetu zuen Eritreako Massawa portuko merkatu librea ziurtatzeko. 1885ean italiarrak hasi ziren Etiopian barneratzen. Joan IV.a negusa sudandarren kontrako Gallabat-eko borrokan (1889ko martxoaren 9a) hil zutenean, Menelik II.aren kontrako gerra hasteko zorian zegoen. Menelik II.ak agintea eskuratu (1889), eta Salomondarren dinastia berriro ezarri zuen. 1889ko maiatzaren 2an hitzarmen bat egin zuen Italiarekin (Ucciolli). Baina dokumentua ulertzeko orduan istiluak sortu ziren etiopiarren eta italiarren artean, hauen iritziz Etiopia beren babesgoko baitzen, eta militar talde bat bidali zuen Italiak lurraldera. Baratieri italiar jenerala Aduwan garaitua izan zen (1896), eta ondoren Menelikek hegoaldeko gallak garaitu eta, europarren interesez baliatuz, zenbait lurralde bereganatu zituen, horien artean Harar (1887), eta bertako emirra gatibu hartu zuen. Addis Abeban sinaturiko beste hitzarmen baten bidez, Ingalaterra, Frantzia eta Italia izango ziren Etiopiako burujabetzaren babesle. Meneliken ondoren 1913an Lij Yasu bere biloba etorri zen; baina hura erregetzatik kendu eta Waizeru Zauditu, Meneliken alaba izendatu zuten enperadore, Ras Tafari Makonnen bere lehengusua errege-orde zelarik. 1923an Etiopia Nazioen Elkarteko kide bihurtu zen. Enperadorea hiltzean, Ras Tafari enperadore bihurtu zen (1930) Haile Selassié izenaz. Etiopiarren eta italiarren arteko arazoak, 1934ko hitzarmenari esker, baretu egin ziren itxuraz. Baina urte bereko abenduan Sudango mugako Walwalen izandako borrokan, etiopiarrek 100 sudandar eta Italiako armadako 30 lagun hil zituzten. Italiak ordainak eskatu zituen, eta Etiopiak Nazioen Elkartera jo zuen; baina elkarte horrek ez zuen konponbide egokirik aurkitu. Gertakari hura aitzakiatzat hartuz, eta egindako hitzarmena ahaztuz, Italia faxistak 1935eko urriaren 2an Etiopia inbaditu zuen Badoglio jenerala buru zela. Negusak Djibutira egin zuen ihes, eta geroago Ingalaterrara. Nazioen Elkarteak Italia erasotzaile deklaratu zuen eta zigorrak ezarri zizkion (1935eko azaroaren 18a). Italiarrek Etiopia Eritrearekin eta Somaliarekin bateratu zuten, Afrikako italiar Ekialdea eratuz, eta Vittorio-Emmanuel III.ak Etiopiako enperadore titulua hartu zuen (1936), eta Graziani jenerala errege-ordeko izendatu. Bigarren Mundu Gerran, Italiak Britainiar Somalia eta Keniako zati bat zapaldu ondoren (1940), italiarrak lurralde haietatik ateratzeko erabakia hartu zuten ingelesek. 1941eko apirilaren 6an sartu ziren Addis Abeban. Haile Selassie, Ingalaterra utzi eta Khartumera heldu zen, eta 1945eko maiatzaren 5ean sartu zen hiriburuan. 1942ko urtarrilaren 31n Etiopiak Italiari, Alemaniari eta Japoniari gerra aldarrikatu zien. Bi urte geroago, Ingalaterrarekin egin zuen hitzarmen bati esker, askatasun osoa eskuratu zuen Etiopiak, eta urte beraren bukaeran soldadu ingelesek lurraldea utzi zuten. 1952an Nazio Bateratuek onartu zuten Eritrea lurralde autonomo gisa, Etiopiari elkartzeko. Baina enperadoreak 1960ean autonomiaren eskubidea bertan behera utzi zuen eta horrek matxinada sortu zuen Eritrean. Etiopiako armadak (1978an, kubarrek lagundurik) zapalkuntzari ekin zion gogortasunik handienaz, baina gaur oraindik, eta alderdien artean gorabeherarik badago ere, bizirik dago Eritreako matxinada. 1960an Somaliak Ogaden eskatu zuen, bertan somaliarrak bizi direla-eta. Horiek Addis Abebako gobernuaren kontra gerrilla berri bat eratu zuten, bai eta autodeterminazio eskubidea eskatu ere. Enperadorea 1974ko irailaren 12an erregetzatik kendua izan zen. Behin-behineko Administraritza Kontseilu Militar bat eratu zen, M. A. Andom buru zela; azaroan hura hil ondoren, T. Bentik hartu zuen agintea; hura ere hil zuten (1977ko otsailaren 3a), eta, haren ordez, Mengistu H. Mariam etorri zen. Etiopiako egoera oso larria da, eta gosea ikaragarria lurralde osoan. 1988. urteko apirilaren 3an Etiopiak eta Somaliak bakea izenpetu zuten eta horri esker Somalian zeuden 3.500 preso Etiopiara itzuli ahal izan ziren. Hala eta guztiz ere, ez ziren baretu Eritrearen eta Etiopiaren arteko iskanbilak. Urte bete geroago gatazkan dauden bi alderdien arteko negoziazioei ekin zieten Estatu Batuetako Atlantan baina negoziazioek ez zuten onik izan. 1990. urteko martxoaren 5ean Mariam-en gobernuak sozialismoa baztertu eta ekonomia mistoaren aldeko apostua egin zuen. 1991. urtean bere nazio guztiaz jabetu zen Eritreako armada eta Eritrea estatu burujabea dela esan daiteke egun. ■ Azken urteak. 1974ko matxinada militarraren ondoren Haile Selassie enperadorea aginpidetik kendu zuten, behin betiko; aurretik gorabehera handiak izan ziren gizartean, Eritrearekin gerran aritu baitzen Etiopia eta gosete handiei aurre egin behar izan baitzieten etiopiarrek. Estatu kolpearen ondoren gobernua militarren esku gelditu zen (Behin-behineko Administrazio Kontseilu Militarra, edo Dergue), industria eta lurrak nazionalizatu ziren, eta eritrearren, oromoen eta eta somaliarren gerrillei esetsi zieten. 1977an Eritrearekin gerran sartu zen eta baita Somaliarekin ere, Ogaden anexionatu nahi zuela-eta. Etiopiak Kubaren eta Sobiet Batasunaren laguntza jaso zuen, eta Somaliak mendebaldeko herrialdeen laguntza. 1988 arte ez zuten bakea sinatu. Etiopiaren baliabide apurrak gerrak eta istiluak gainditzeko erabili izan ziren. 1987an errepublika ezarri zen, Etiopiako Errepublika Demokratikoa, eta zibilez osaturiko gobernu komunista osatu zen; Mengistu Haile Mariam lehendakariak modernizazio politika jarri zuen abian, baina huts egin zuen, 1980ko hamarraldiko lehorteak (milioi erdi nekazari baino gehiago hil ziren urte haietako lehorteetan), eritrearren kontrako gerraren ondorioak eta Sobiet Batasuna desagertzean galdu zuen laguntza zirela-eta. Horrek gerrillaren estatu kolpea eragin zuen 1991n, eta Mengistu Hailek Zimbawera ihes egin behar izan zuen. Estatu kolpearen ondoren Meles Zenawi buru zuen behin-behineko gobernua antolatu zen eta erreforma demokratikoak finkatzeko ahaleginak egiten ari dira; hauteskundeak egin ziren 1994an (1995eko abuztuan Meles Zenawi izendatu zuten Lehen Ministro, eta Negasso Gidada lehendakari) eta konstituzio berria idatzi zen, baina zailtasun handiak daude, behin-behineko gobernuaren eta oposizioaren arteko tirabirak direla-eta; oposizioa bera ere oso zatituta dago, batzuek (amharek) estatu federal, bateratu eta zentralizatua nahi duten arren, beste etnia batzuek (oromoek) beren lurraldearen autonomia ez ezik, independentzia ere eskatzen dutelako. Gizartean gorabehera handiak daude, eta lehorteen eraginez gosete handiak izaten dituzte. 2000ko hauteskundeetan, FDRPE alderdia izan zen irabazlea.