etileno
iz. Kim. CH2=CH2 formula duen hidrokarburo asegabea. Lotura bikoitza duten hidrokarburoen (alkenoen) arteko lehena eta bakunena. Kolorerik ez duen gas bat da, eta -104° C-tan bihurtzen da isurkari eta -169° C-tan trinkotzen da. Sugar argitsu bat emanez erretzen da. Harrikatzaren gasean eta labe garaietako gasetan ere aurkitzen da, eta azken horretatik lortu ohi da. Laborategian alkohol etilikoaren deshidratazioz lortzen da. Asegabeko egitura duenez oso erraz erreakzionatzen du beste gai batzuekin gai berriak emateko: etilbentzenoa, etileno kloruroa, etileno oxidoa, glikola, estirenoa, etab. Etilenoa polimerizatu egiten da polietilenoak emateko; azken horiek plastikoak dira. Etileno kloruroak ere ezagutzen diren plastiko hedatuenak lortzeko erabiltzen dira, hain ezaguna den polibinilo kloruroa (PVC) lortzeko batez ere.