etnia
iz. Kulturaz eta hizkuntzaz batasun bat osatzen duten gizabanakoen multzoa. v Etnia taldea. Etnia talde desberdinak elkarrekin bizi izatea gaurko gizarteen konplexutasunaren ezaugarria da. Historian atzera eginez gero, zenbait herriren konkisten eta zapalkuntzen ondorio izan da, interes jakinei erantzuteko esku lan merkea lurralde batetik bestera eramatearen ondorio, industrializazio garaian, ekonomia arrazoiengatik izan diren emigrazioen ondorio, eta erlijio zapalkuntzen edo zapalkuntza politikoen ondorio. Etnia taldeen arazoei historian zehar hainbat eratako erantzunak eman zaizkie: bizi diren lurraldetik kanpora bidali (naziek juduak Alemaniatik, adibidez); kultura nagusiak etnia bereganatzea (zeltak Britainia Handian). Dena dela irtenbide egokiak ere izan dira pluralismoaren eta elkar ulertzearen bidetik (Suitzako kantonamenduetan esate baterako). Etnien eginkizun politikoa XIX. mendeaz gero areagotu egin da, demokrazia, autodeterminazioa eta antzeko ideiak mundu osoan zehar zabaldu bait dira.