Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Epikuro

(Gr. Epikuros) Antzinako Greziako filosofoa (Samos, K.a. 341 - Atenas, 270). Gaztaro guztia Samosen igaro zuen. Samosen Panfilo filosofo platonikoarekin egin zituen ikasketak eta Teosen Demokrito jarraitzaile Nausifarenean egon zen. 323. urtean Atenasa joan zen Xenokratesen ikaskizunak entzutera. Gero Kolofonera jo zuen, aitari irakaskuntzan laguntzera. Gramatika irakatsi zuen. Ondoren Mitilenen eta Lampsakon filosofia irakatsi zuen, eta 306an Atenasa itzuli zen. Han bizi zen hil arte, Asia Txikira bidaia batzuk egin bazituen ere. Epikurok obra asko idatzi zituen, baina gehienak galdu egin dira. Hark idatzitako hiru gutun (Herodotori gutuna fisikaz, Pitoklesi gutuna meteoroei buruz —zalantza dago harena den ala ez—, Menezeori gutuna moralaz) eta aforismo batzuk baizik ez dira geratu. Epikuro Demokritoren jarraitzailetzat har daiteke fisikaren alorrean (atomismoa), baina ez zion haren determinismoari jarraitu. Ataraxia edo bizitzako gorabeheren kezkarik gabeko egoera lortzeko, heriotzaren beldurra kentzea ezinbestekoa dela zioen. Epikuroren iritzian jainkoak, baldin badira ere, giza jendearengandik urrun daude eta ez zaie jaramonik egin behar. Greziako erakunde politikoak desagertzeko bidean zeudenean, Epikurok atsegin sentsualak eskaintzen duen bidea proposatu zuen, ez gizona sentsualitatearen mendeko geratzeko, oinaze fisikoak eta barne arrangurak uxatzeko baizik.