epikurismo
iz. Fil. Epikurok K.a. IV. mendearen bukaeran sortu zuen filosofia dotrina. Ezagutzari buruzko teoria sentsualista, ikuspegi atomista, materialista eta mekanizistako kosmologia eta moral hedonista garatu zituen Epikuroren filosofiak. Epikuro Atenasen egon zen irakasle (Atenasko Baratzea deiturikoa izan zen gune nagusia), baina Mediterraneo osora hedatu zen bere irakaspena, kristautasuna heldu zen arte. Epikuroren jarraitzaileak saiatu ziren eredu hedonistari jarraitzen: oinazea saihestu, adiskidantza landu, plazerrez neurrian gozatu, bizimodu publikotik alde egin eta heriotzaren eta jainkoen beldur guztiak uxatu. Epikurismoa Erroman zabaldu zen lehen joera filosofikoa izan zen, eta bizirik iraun zuen K.o. IV. mendea arte.