Epikteto
(Gr. Epiktêtos). Antzinako Greziako filosofo estoikoa (Hierapolis, Frigia, K.o. 50 - Nikopolis, Epiro, 125 edo 130). Erromara eraman zuten esklabo eta Epafrodito izeneko liberto edo esklabo aske baten mendean egon zen bertan. Epikteto bera ere askatu egin zuten geroago. Musonius Rufusekin ikasi zuen filosofia estoikoa, eta Erroman irakasle egon zen, Domizianok bera eta beste filosofoak bota zituen arte (K.o. 90). Nikopolisera alde egin zuen. Flavio Arrianori zor zaio Epiktetoren dotrinaren bilduma. Filosofia, haren ustetan, zer gura behar den eta zer saihestu behar den irakasten duen jakintza da. Epiktetoren dotrinaren arabera, heziketa egiazkoak borondatea ezagutzea ekarri behar du; borondatea da gizabanakoak berezko duen gauza bakarra eta borondate hori, izadiaren eta, azken batean, Jainkoaren borondatearen isla baizik ez da. Epiktetoren filosofiak eragin handia izan zuen lehen pentsalari kristauengan.