epika
iz. Poesia epikoa, epopeia, literatura generotzat hartua. v Antzinako gizarteek herrien ohituretan eta gertakizun historikoetan oinarritutako poemak egin eta bildu zituzten. Lan horietan herrian izandako borrokak eta heroien ekintzak goraipatzen ziren. Homerok eta Virgiliok beren poema epikoetan gai horiek jaso zituzten (Homeroren Iliada eta Odisea; Virgilioren Eneida). Ekialdeko herrietan ere gauza bera egin zuten. Mesopotamian Gilgamesh-en bertsoak (K.a. 3.000. urte ingurukoak) hartu izan dira epikaren aitzindari, baina Homeroren poemak (K.a. 900-750) dira zalantzarik gabe epikaren hasiera adierazi zutenak, eta epikaren arauen iturri nagusia eman dutenak. Homeroren lan horien ezaugarriak, deskripzioak, adjetiboak, esaerak… bat-bateko ahozko poesian, eta poesia mota horren arauetan oinarritzen dira.
v Olerki epikoa. Epopeia ere deitzen zaio. Gai historikoak, nazionalak, erlijiozkoak eta kondaira garrantzitsuak jasotzen dira olerki epikoetan. Ezaugarri hauek ditu: heroi nagusi bat izatea protagonista, batzuetan ia jainkoen ezaugarriak dituena; borrokaldia izatea; eta erdi jainko diren izakiek parte hartzea. Gaiaren aurkezpena egin ondoren, musei dei egiten zaie, eta kontaketaren erdiraino jauzi egin ondoren, berriro ere atzera egiten da. Europan Erdi Aroan ohiturazko epikari bultzada berria eman zioten arabiarren, germaniarren eta eskandinaviarren kondairek. Sartaldean aipatzekoak dira gaztelerazko Poema del mio Cid kontaketa, XI. mendeko arabiarren aurkako borrokaldia biltzen duena; frantsesezko Chanson de Roland (XII. mendekoa) Karlomagnoren Pirinioetako VIII. mendeko borrokaldia jasotzen duena; alemanierazko Nibelungenlied (XIII. mendekoa), burgundiarren eta hunoen arteko V. mendeko borrokaldiari buruzkoa. Horietan gertariak gaur egun ezagutzen diren eran bilduak izan aurretik, beste kondairekin nahasita herri kontakizun izan ziren. XVII. eta XVIII. mendeetan alde batera uzten dira neurri batean herri kondairak eta irizpide formalak edo estilistikoak gehiago hartzen dira kontuan. XVIII. mendean epopeia behera egiten hasi zen eleberria garatu ahala, baina erromantizismoak luzarazi zuen aldi baterako genero horren iraupena