Henrike VI.a. Ingalaterrakoa
Ingalaterrako erregea 1422-1461 eta 1470-1471 bitarteko urteetan (Windsor, 1421 - Londres, 1471). Henrike V.aren eta Katalina Valoiskoaren semea zen. Frantziako errege titulua ere izan zuen, Karlos VII.arekin batera. Haurra zen bitartean Humphrey osaba Gloucesterko dukea eta, Frantzian, Joan Lancasterkoa Bedfordko dukea izan ziren haren erregeorde. Frantziako errege egin zuten Parisen 1431. urtean. Caderen matxinadari aurre egin behar izan zion 1450. urtean. Ehun Urteko Gerra amaitu zenean (1453), Yorkeko etxea aurka altxatu zitzaion eta Bi Arrosen Gerra biztu zen (1455). Eduardo IV.ak erregetzatik kendu zuen 1461. urtean eta bederatzi urte geroago berreskuratu zuen errege agintea. Eduardo IV.ak hil zuen hurrengo urtean. Shakespeare idazleak drama bat idatzi zuen errege horren inguruan (Henry VI, 1590-1592).