Henrike IIa Ingalaterrakoa
Ingalaterrako erregea, 1154-1189 bitarteko urteetan (Le Mans, 1133 - Chinon, 1189). Estebe Bloisekoaren ondorengoa, Godofredo V.a Plantageneten eta Matilde Henrike I.aren alabaren semea zen. Normandia (1150), Anjou (1151) eta, Eleonorekin ezkondu ondoren, Akitaniako (1152) dukea izan zen. Jaun feudalen, eskoziarren eta galestarren aurka borrokatu zen eta administrazioa sendotu zuen. Elizaren eskubideak murriztu nahi izan zituen (Clarendongo Konstituzioak, 1164), baina honetan Thomas Becket Canterburyko artzapezpikua izan zuen etsai. 1170. urtean, erregearen inguruko nobleek hil zuten Thomas Becket eta Henrike II.ak jendaurreko penitentzia egin behar izan zuen, Aita Santuaren aginduz, eta baliogabe utzi behar izan zituen Clarendongo erabakiak. Henrike II.ak oztopo handiak izan zituen familia barnean; emazteak eta semeek bultzaturiko hiru matxinadari egin behar izan zien aurre: Henrike seme gazteak gidatutako lehena arazo handirik gabe zapuztu zuen; bigarrenean Filipe-Augusto Frantziako erregeak hartu zuen parte eta larriagoa izan zen; hirugarrena (1188-1189) Joan Lur-Gabea semeak bultzatu zuen eta haren ondorioz hil zen. Rikardo Lehoi-Bihotzaren eta Joan Lur-Gabearen aita izan zen.