Henrike IIa Albretekoa
Nafarroako erregea 1517tik 1555ra (Zangoza, 1503 - 1555). Katalina Nafarroakoaren eta Joan Labrit edo Albretekoaren semea zen. Nafarroak oso momentu zailak bizi zituen Henrike II.a jaio zen garaian: Joan Foixko konde eta Katalina erreginaren osabak, alde batetik, eta Fernando Aragoikoak eta Elisabet Gaztelakoak bestetik berentzat nahi zuten erresuma. 1512. urtean, Gaztela eta Aragoiko osteak Nafarroaz jabetu ziren, Leringo kondeak lagunduta eta Erromako Aita Santuaren onespenaz, eta Iruñea utzi eta Biarnon jarri zen bizitzen (Bearneko Salbaterra, Orthere eta Paue). Nafarroako erregegai Henrikek eta Joan Albretekoa bere aitak Frantziako gortera jo zuten 1515ean. Bertan ezagutu zuen Henrike II.ak 1527an emaztetzat hartuko zuen Margarita Angulemakoa, frantses idazle ospetsua (Heptameron liburuaren egilea), eta Frantzisko I.a, Frantziako erregearen arreba zena. 1517. urtean hil zen Katalina Nafarroakoa, eta Henrikek Nafarroako erregetzaz gainera, Biarno, Foix, Bigorra, Ribagorza, Armañac, Perigord, Tursan, Gabardam, Tartas eta Limogesko lurraldeetako jaurgoa eskuratu zuen. Henrike II.a Nafarroa, Gaskonia eta ipar-erdialdeko Pirinioetako errege eta jaun nagusia zen, beraz. Xede bakarra izan zuen, ordea, erregetza hartu zuenetik: Fernando Katolikoak konkistaturiko Nafarroa berreskuratzea. 1521. urtean, nafarrek, gaskoiek eta frantsesek osaturiko armadak Donibane Garazin sartu eta Nafarroa berreskuratzeari ekin zion. Nafar gehienak Henrike II.aren armadaren alde jarri ziren, baita 1512an Gaztelaren zerbitzuan jardun zuen beamontar asko ere. Iruñea hartu ondoren, Lizarra, Tafalla eta Nafarroa ia osorik gelditu zen nafarren esku. Alabaina, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Errioxan antolatu ziren armadek berebiziko laguntza eskaini zioten Espainiako erregeari eta nafarrek amore eman behar izan zuten Noaingo gudua galdu ondoren (1521eko ekainaren 30a). Haietako berrehun gudari inguru Amaiurko gazteluan gotortu ziren eta urtebetez eutsi zioten bertan Nafarroako independentziari. 1522ko ekainaren 19an etsi behar izan zuten, Leringo kondeak gidaturiko setioari ezin aurre eginik. Henrike II.ak Nafarroa galdua zuen berriro. 1530. urtean berreskuratu ahal izan zuen Nafarroa Beherea eta bertan kokatu zituen handik aurrera Donibane-Garazin, Donapaleun eta Bastidan bilduko ziren Nafarroako Estatu Nagusiak. Bestalde, Henrike II.a Frantziako erregetzari loturik ibili zen bizitza guztian eta 1525ean Frantzisko I.ari lagundu zion Paviako guduan. Preso hartu zuten bertan, baina ihes egin ahal izan zuen bi urte geroago. 1555eko maiatzaren 25ean hil zen, eta haren alaba Joanak, Joana III.a Albretekoak, hartu zuen haren lekua.