Henrike IIIa Frantziakoa
Frantziako erregea, 1574-1589 bitarteko urteetan (Fontainebleau, 1551 - Saint-Cloud, 1589). Henrike II.aren eta Katalina Mediciren hirugarren semea. Anjou eta Orléansgo dukea. Amak Poloniako errege egin zuen 1573an, baina berehala itzuli zen Frantziara, Karlos IX.a anaiaren lekua hartzeko (1574). Kultura eta adimen handiko pertsona bazen ere, bere homesoxualitatearen kariaz utzi zuen aginpidea bere mignon edo kuttunekoen eskuetan (Joyeuse, Épernon). Protestanteen aurka borrokatu ondoren, Politikoen alderdiari jarraitu eta bakea izenpetu zuen Henrike III.a Nafarroakoarekin (Monsieur, 1576). Alabaina, Henrike Guisekoak katolikoen Liga osatu eta erregea eraman zuen bertara. Ondorioz, berriro hasi zen gerra higanoten aurka. 1580. urtean izenpetu zen beste bake bat (Néraceko bakea). Alençongo dukea eta erregegaia hil zenean (1584), larriagotu ziren erregetzarako arazoak eta Hiru Henrikeren Gerra hasi zen: Henrike III.a Frantziakoa erregezaleen burua zen, Henrike Guisekoa Liga katolikoko gidari nagusia, eta Henrike III.a Nafarroakoa eta Henrike III.a Frantziakoaren koinatua, higanoten lehen buruzagia. Henrike III.a Nafarroakoak ligako katolikoak Coutrasen menderatu ondoren (1587), Henrike Guisekoa Parisen sartu eta erregeak utzi egin behar izan zuen Paris (Barrikaden eguna, 1588). Henrike III.ak Henrike Guisekoa hilarazi zuen eta ondorengo hautatu zuen Henrike III.a Nafarroakoa. Jacques Clément izeneko fraide katoliko batek hil zuen Paris hartzera zihoala, 1589. urtean.