Henrike IIIa Gaixoa
Gaztelako erregea eta Bizkaiko jauna 1390-1406 bitarteko urteetan (Burgos, 1379 - Toledo, 1406). Joan I.a Gaztelakoaren eta Leonor Aragoikoaren semea zen. Artean adin nagusira iritsi gabea zela, Fadrike eta Alfontso, Henrike II.aren ezkontzaz kanpoko semeak aurka altxatu zitzaizkion; urte nahasi haietan istilu handiak izan ziren Gaztelan (juduen aljama edo auzoen suntsitzea, 1391). 1393an, hamalau urte zituela, adin nagusiko eta errege izendatu zuten handikiek Henrike III.a. Frantziako koroarekiko lotura berretsi eta merkataritza harremanak abiarazi zituen Ingalaterrarekin. Itsasgizon euskaldunak izan zituen bitarteko harreman horietan. Haren erreinaldian, Gaztelako koroak Kanarietako Uharteak konkistatu zituen eta handitu egin zen haren indarra Mediterraneoan (enbaxadoreak bidali zituen Tamerlan Handiarengana).