Henrike IIa Frantziakoa
Frantziako erregea, 1547-1559 bitarteko urteetan (Saint-Germain-en-Laye, 1519 - Paris, 1559). Frantzisko I.a eta Klaudia Frantziako errege-erreginen semea zen. Maitale zuen Diana Poitierskoaren eraginez, Guise etxeak ahalmen handia eskuratu zuen bere garaian eta kalbindarren aurka lege gogorra erabili zuen. Boulogne hartu zien ingelesei eta habsburgotarren aurka jardun zuen etengabe. Itunak izenpetu zituen turkiarrekin eta Alemaniako protestanteekin, baina kalte handia ekarri zion Saint-Quentingo gudua Espainiako Filipe II.aren osteen aurrean galtzeak; horren eraginez Château-Cambrésisko bakea sinatu behar izan zuen (1559). Urte berean hil zen arma lehiaketa batean. Katalina Medicirekin ezkondu zen. Haren hiru seme, Frantzisko II.a, Karlos IX.a eta Henrike III.a, errege izan ziren.