Douglas, William Anthony
Estatubatuar antropologoa (Reno, 1939). Giza antropologiaz arduratu da Nevadako, Madrilgo eta Chicagoko unibertsitateetan. 1963. urtetik 1970era bitartean Aulesti (Bizkaia) eta Etxalar (Nafarroa) herrietan bilketa lanak egin zituen, eta Amerika mendebaleko euskal artzainen komunitateak aztertu zituen. Nevadako Renoko Unibertsitatean Basque Studies Program zelakoa –egun, Center for Basque Studies– sortu eta horren arduradun izan zen hogeita hamar urtez (1967-1997); zentro horren koordinatzaile emeritua da. Besteak beste, Euskal Herriari eta euskal diasporari buruzko ikerketa ugari egin eta argitaratu ditu. 1998an ohorezko euskaltzain izendatu zuten. Obra nagusiak: Death in Murelaga (1970), Americanoak (1975) eta Oportunidad y éxodo rural en dos aldeas vascas: Echalar y Murélaga.