Douglas, Michael
Estatubatuar aktore eta zinema produktorea (New Brunswick, New Jersey, 1944). Kirk Douglas aktorearen semea da, eta hark ekoizten zituen filmetan zuzendariaren laguntzaile lanak eginez sartu zen zinemaren munduan. Santa Barbarako (Kalifornia) Unibertsitatean eta New Yorkeko beste zenbait ikastetxetan ikasi zuen arte dramatikoa. 1969az geroztik telesaioetan aktore lanetan agertzen hasi zen, baina arrakasta bere aitak One Flew Over the Cukko´s Nest (1975) filma ekoizteko eskubideak utzi zizkionean iritsi zitzaion, Oscar ugari izan baitzuen. Haren ondoren, filmak produzitzeaz gainera, protagonistaren papera ere egiten hasi zen ondorengo filmetan: The China Syndrom (1979); Kathleen Turner-ekin Romancing the Stone (1984), The Jewel of the Nile (1985) eta The War of the Roses (1989); Fatal Atraction (1987), iskanbila handia sortu zuena; Oliver Stone-k zuzendutako Wall Street, aktore onenaren Oscar saria jaso zuena; Black Rain (1989); Shining Through (1992); Basic Instint (1992) etab. Produktore gisa, batez ere fantasiazko filmak egin ditu: Flatliners (1990) eta Radio Flyer (1992), besteak beste. 2000. urtean Catherin Zeta-Jones zinema antzezlearekin ezkondu zen; ezkontza kontratua zela-eta, oihartzun handia izan zuen komunikabideetan.