Douglas, Jesse
Estatubatuar matematikaria (New York, 1897 - New York, 1965). Geometria diferentziala landu zuen Columbia Collegen, 1920-1926 urte bitartean, eta hurrengo lau urteetan Princeton, Harvard, Chicago, Paris eta Göttingen-en aritu zen. Plateauren problema, 1760. urtean Lagrangek azaldu zuena, eta matematikari handiek (Riemann, Weierstrass eta Schwarz-ek) landu izan dutena, Douglasek ebatzi zuen osorik. 1943an Bôcher saria jaso zuen, Amerikar Elkarte Matematikoak emana, Plateauren problema ebazteagatik, eta bereziki hiru artikulu hauek idazteagatik: Green's function and the problem of Plateau (Green-en funtzioak eta Plateauren problema), The most general form of the problem of Plateau (Plateauren problemaren formarik orokorrena) eta Solution of the inverse problem of the calculus of variations (Bariazioen kalkuluaren alderantzizko problemaren ebazpena). Geometriaz gainera, bariazioen kalkulua eta taldeen teoria ere landu zituen.