Delvaux, André
Belgikar zinema zuzendaria (Lovaina, 1926 - 2002). Zuzenbidea, germaniar filologia eta piano ikasketak egin zituen, eta bere lehen film luzea, Gizon kaskamotza, ia berrogei urte zituela zuzendu zuen. Hizkuntzalaritza eta musika izan ziren bere zinemaren oinarri nagusiak. Flandestar literaturako eskolak eman zituen eta arte zinematografikoko irakasle izan zen Belgikako Zinema Eskolan. Estetikako saiakeragile nabarmena da, gainera; irudiari eta hotsari buruzko bere teorien froga praktiko gisa egin zituen film batzuk. 1960 eta 1966 bitartean kultura programak egin zituen telebistarako, Jean Renoir eta Federico Fellini zinemagileei buruzko sailak, besteak beste. Baina Gizon kaskamotza filmarekin egin zuen zinemarako jauzia. 1960ko hamarraldiko film berezienetako bat da, Johan Daisne abangoardiako idazlearen obraren egokitzapena. Filmak izan zuen arrakastari esker Gau bat, tren bat egin zuen gero, eta harrezkero europar zinemagile nagusietako bat bihurtu zen. Debutaz gero nazioarteko kritikaren onespena izan zuen beti. Bere estilo narratibo soilak eta filmei darien errealismo magikoak guztiz xarmatu zituen europar zinemagileak. Oso zorrotza zen bere proposamenetan, denbora tarte luzeak igarotzen zituen proiektu bat bukatu eta beste bati ekin baino lehen, eta horregatik hamabi bat film besterik ez zituen egin zuzendari gisa egindako hogeita hambost urtean. Lan nagusiak: Gizon kaskamotza (1965), Gau bat, tren bat (1968), Hitzordua Brayn (1971), Belle (1973), Eme erdi zakur erdi otso (1978), Woody Alleni, Europatik, maitasunez (1980), Benvenuta (1983), Babel Opera (1985).