Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dello Joio, Norman

Estatubatuar musikagilea (New York, 1913). Alemaniar musikagile Paul Hindemithen seme eta ikaslea, harekin egin zituen ikasketak, eta Sarah Lawrence Collegen konposizio eskolak eman zituen. Dello Joio musikagile oparoa izan zen. Bere musikak joera neoklasikoari jarraitu zion formaren erabilerari dagokionez, eta bere obran, oroz gain, abesbatzarako obrak gailentzen dira. Lan nagusiak: harmonika eta ganbera orkestrarako kontzertua (1942), Song of Affirmation (1992, Lekukoasun kanta), abesbatza eta orkestrarako, Meditations on Ecclesiastes (1956), harizko orkestrarako (1957ko Pulitzer sariaren irabazlea), eta Evocations (1970, Oroitzapenak), abesbatza eta orkestrarako. Opera lan batzuk ere idatzi ditu –Blood Moon (1961, Odolezko Ilargia), The Triumph of Joan (Joanen garaitza)–, eta zenbait pieza instrumental, horietako bat, Diversions (1975), pianorako. Bere lanetan bere italiar jatorria agerian uzten duten erreferentziak nabari dira zenbaitetan, eta baita maisu izan zuen Paul Hindemith musikagilearen eragina ere.