De la Rica, Kiko
Zinemako argazki zuzendari bizkaitarra (Bilbo, 1965). Madrilen eskuratu zuen argazkilari profesionalaren titulua. Zinemagintzan film labur garrantzitsuetan hasi zen lanean: Juanma Bajo Ulloaren El reino de Víctor (1989), Alex de la Iglesiaren Mirindas asesinas (1990). Bideoklipak ere egin zituen: Koldo Aguinagalderen Ruper Ordorika (1992) eta Kike Loyolaren Segundo Banana (1992). ETBn ere lan egin zuen (Jon Intxaustegiren Txorro Morro). 1994an egin zuen lehen lan handia, Daniel Calparsororen Salto al vacío filmaren argazki zuzendaritza. Hurrengo urtean ere Calparsororekin lan egin zuen, Pasajes (1995) filmean. Orduz geroztik lan garrantzitsu asko egin du, eta besteak beste iragarki askotan parte hartu du, zenbaitetan zuzendari ospetsuekin (Juanma Bajo Ulloa, Alex de la Iglesia).