De Klerk, Frederik Willem
Hegoafrikar politikaria, bertako lehendakaria 1990-1994 urteetan (Johannesburgo, 1936). Zuzenbidea ikasi zuen eta, 1958an, Potchefstroom Unibertsitatean graduatu ondoren, abokatutzan hasi zen lanean, Vereeniging-en. Parlamentuko kide aukeratu zuten, 1972an, Alderdi Nazionaletik. Garai hartan, Hegoafrikan, “apartheid” sistema zegoen indarrean eta, haren kariaz, gutxiengo zuria gehiengo beltzaren gainetik zegoen politika eta gizarte arloko eskubide askori zegokienez. Alderdi Nazionala “apartheid”aren aldekoa zen. 1989ko abuztuan, Hegoafrikako lehendakaria, P. W. Botha, gaixorik, kargua utzi behar izan zuenean, De Klerk, Alderdi Nazionaleko liderra zenez, behin-behineko lehendakari izendatu zuten. Berehala egin zen hauteskundeetarako deia eta, espero bezala, De Klerk atera zen lehendakari. Baina aldaketa sakonak etorri ziren; izan ere, Frederik De Klerk-ek, lehendakaritzarako kanpainan, bost urteko plan bat proposatu zuen “apartheid” sistema gainditu eta herritar guztien ordezkaritza bermatuko zuen konstituzio berri bat onartzeko. Hauteskundeen ondorenean, 1976tik debekaturik zeuden protesta manifestazioak legeztatu ziren eta preso politiko asko irten ziren kalera, Nelson Mandela, Afrikar Kongresu Nazionaleko buruzagi beltza, tartean zela, 1962. urteaz geroztik kartzelan baitzegoen. De Klerk-ek eta Mandelak batera lan egin zuten trantsizioko konstituzio bat sortzeko eta, halaxe, 1993ko abenduan onartu zen. Konstituzio hark, esan bezala, aldaketa handiak ekarri zituen Hegoafrikara. Hasteko, bederatzi eskualde edo probintziatan banatu zen lurraldea, probintzia bakoitzak autonomia aski handia zuela, arraza eta alderdi politiko guztientzat irekitako hauteskundeak egin ziren eta Batasun Nazionaleko gobernu bat eratzea proposatu zen, hauteskunde demokratikoak egin eta lehen bost urteetarako. Hegoafrikako “apartheid” sistema ezabatzeko egindako lanagatik, 1993an, Bakearen Nobel saria eman zitzaien De Klerk-i eta Mandelari, erdi bana.