Comisiones Obreras (CCOO)
Espainiako estatuan diharduen langile sindikatua. Frankismoaren garaian sortu zen (I. Biltzarra: Madril, 1967ko ekaina), Euskal Herria (Bizkaia), Katalunia, Asturias eta Madril aldean sorturiko hainbat langile mugimenduren koordinazio saioei esker eta klandestinitatean zegoen Alderdi Komunistak bultzatua. Estatuan ziharduten beste langile erakundeetatik berex izan zen sindikatu hau (sozialistak, anarkistak eta nazionalistak). 1970 eta 1975. urteen artean, aurrerabide nabarmena egin zuen Comisiones Obreras sindikatuak: 1971. urtean, Comisiones Obresaresko kideek sistema frankistak antolaturiko hauteskunde sindikaletan parte hartzeko erabakia hartu zuten eta postu ugari lortu zuten langileen ordezkarien artean. 1973. urtean, zapalkuntzaren ondorioz atxilo hartu zituzten Comisiones Obreraseko buruzagiak epaitu zituzten (1.001 auzia) eta, horrela, komunisten inguruko sindikatu guztiz ezagun bihurtu zen Espainiako estatu osoan. Euskal Herrian, bitan zatitu zen Comisiones Obreras 1974. urtearen amaieran, barnean zeuden erakunde politikoen bereizitasunak zirela eta: Alderdi Komunistaren aldekoek talde nagusia osatu zuten, eta erradikalagoak ziren EMK maoistek eta LKI troskistek, berriz, gutxiengoa. 1977. urteko erreforma politikoari esker, Comisiones Obreras langile sindikatu gisa egituratu eta legeztatu zen. Euskal Herriko Comisiones Obreras-en I. Biltzarrean bi alderdiek bat egin zuten eta, lau urteren ondoren, Alderdi Komunistaren aldeko partaideek beste joerako kideak beren kargutik egoztea lortu zuten. UGT sindikatu sozialistarekin batera, Comisiones Obreras Espainiako estatuko sindikatu nagusia da egun. Alderdi Komunistarekiko lotura estuak hautsi dituelarik, klase sindikatu autonomoagoa bihurtu da azken urteetan, eta UGT-rekin batasun taktikoak egitearen alde azaldu da. Hego Euskal Herriko lau sindikatu nagusien artekoa da, ELA (gehiengoa duen sindikatu abertzalea), UGT (sindikatu sozialista) eta LAB (sindikatu abertzalea) langile erakundeekin batera. 1999an egin ziren hateskunde sindikaletan, Euskadiko bigarren sindikatua izaten jarraitu zuen CCOOk. Une hartan, EAEn eta Nafarroan zituen hamaika federazioetan 50.000 kide zeuzkan CCOOk. Bai Estatuan bai Hego Euskal Herrian aldaketa garrantzitsuak izan ziren sindikatuan 2000. urtean karguei dagokienez. Estatuko Kongresuan J.M. Fidalgok ordezkatu bazuen azken urteetan Idazkari Nagusi izandako Antonio Gutiérrez, Euskadiko Kongresuan –2000. urteko ekainean–, aspaldiko partez Euskadiko CCOOko Idazkari Nagusi zen Santiago Bengoak ez zuen lortu ordezkariek karguan berrestea, eta Josu Onaindi hautatu zuten Idazkari Nagusi. Hautatua izan zenean, ELA-LABekiko elkarlana areagotzearen aldeko agertu zen Onaindi, Euskal Herrian batasun sindikala berreskuratze aldera.
- Combat
- COMECON
- Comédie-Française
- Comencini, Luigi
- Comenius
- Comisiones Obreras (CCOO)
- Commedia dell´arte
- Commercy
- Comminges
- Commoner, Barry
- Commonwealth