Kolon, Kristobal
1492an Ameriketara iritsi zen lehen europar itsasgizona (Genoa ?, 1451 - Valladolid, 1506). Bertsio ugari zabaldu da Kolonen jatorriari eta gaztaroari buruz. Sorterriari dagokionez, iturburu gehienek Kolon Italiako Genoan jaio zela adierazi duten arren, azkenaldi honetan indar handia hartzen ari da Kolon Kataluniako edo Mallorcako familia judu batean jaio zelako iritzia. Dena dela, garbi dago Kolon Espainiako koroaren mendeko lurraldetik kanpo ibili zela gaztetan. 1476. urtean Portugala joan, eta ezkondu ondoren, bertan hasi zen kartografia eta geografia zientzien inguruko ikerlanak egiten (Ptolomeoren Geographia eta Pierre d´Ailly frantses teologoaren Imago Mundi obrak bereziki). Portugalgo Joan II.a erregeari aurkeztu zion lehenengoz Indietara mendebaleko itsasotik joateko proiektua. Hasierako asmo haiek hutsean geratu ziren, ordea: Joan II.ak bidaia hura egiteko laguntza ukatu zion. Ingalaterrako eta Frantziako erregeei aurkeztu zien geroago proiektua, baina haiek ere ukatu egin zioten laguntza. Kolon-ek ez zuen etsi Indietarako bidaiaren asmoan, eta Espainiako gortera jo zuen; Medinaceliko dukearen eta, batez ere, La Rabida monasterioko Joan Perez abade nagusiaren eta Elisabet Gaztelako erreginaren konfesatzaileari esker, Errege-erregina Katolikoen proiekturako laguntza lortu zuen. Almirante tituluarekin batera, aurkitutako lurraldeen gobernari nagusi izendatu ondoren, Kolonek lanari ekin zion eta, Pinzon anaiak lagun, 1492. urtean irten zuen Palos de Moguer portutik Indietara. Santa Maria, Niña eta Pinta karabelek osatu zuten bidaldi hartako flota. Itsasaldi luze baten ondoren Guanahani (ustez, egun Watling deitzen dena) uhartera iritsi zen 1492ko urriaren 12an. Kubara eta Haitira igaro zen ondoren, eta La Española deitu zuen azken uharte hartan militar talde bat utzi zuen zaindari. Espainiara itzulitakoan Errege-erregina Katolikoek «lur berrietako» erregeorde izendatu zuten eta Kolonek berehala ekin zion bigarren bidaldiari. Espedizio honetan (1493-1496) hasi zen Indietako edo Ameriketako konkista. Hiru urte horietan, Kolonek Dominika, Guadalupe, Puerto Rico, Jamaika eta Kuba hegoaldea konkistatu zituen eta orduan hasi ziren bertako biztanleen eta europarren arteko lehen gatazkak. Konkistatzaileek antillar asko hil zuten, eta Kolon begi onez ikusten ez zuten buruzagi espainiarren arteko lehen tirabirak hasi ziren. Indietarako hirugarren bidaian (1498-1500), Kolonek Trinidad, Tobago eta Grenada uharteak konkistatu zituen eta Orinoco ibaiaren deltako lurraldeak ere miatu zituen. Hirugarren bidaia honetan, administrazio mailako okerrek, bertako indiarrekiko ankerkeriak eta esklabo salerosketaren aldeko joerak kolokan jarri zuten Kolonen nagusitasuna, espainiar konkistatzaileek aurrerantzean ere jokamolde horiek behin eta berriro erakutsi zituzten arren. Elisabet I.a erreginak, egoera zuzentzeko asmoz, Indietara bidali zuen Francisco de Bobadillak preso hartu zuen Kolon eta Espainiara eraman. Erregeorde titulurik eta garai batean izandako laguntzarik gabe, laugarren bidaiari ekin zion Kolonek 1502. urtean. Honduras eta Dariengo Golkoaren arteko kostaldea kurritu zuen bidaia horretan, baina jende guztiak bizkar emana zion ordurako. Espainiara itzuli eta 1506. urtean hil zen. Bidaia hauei buruzko Cartas y Relaciones idazki interesgarriak utzi zituen Kolonek. Ameriketako edo Indietako konkista berehala ezagutu zen Europa guztian zehar. Konkista amaitu zenean, Espainiako eta Portugalgo koroek «Mundu Berria»-n konkistaturiko lurraldeak bi estatuen artean banatuko zirela zioen hitzarmena sinatu zuten (Tordesillasko hitzarmena, 1494).