Cavour, Camilo Benso
(Cavour kondea). Italiar politikaria (Turin, 1810 - Turin, 1861). Piamonteko familia handiki batean sortu zen. Armada utzi behar izan zuen bere ideia liberalengatik; Europan barrena hainbat bidaia egin ondoren, 1847an Il Risorgimento egunkari konstituzional moderatua sortu zuen. Karlos Alberto erregeak onartu zuen Konstituzioa 1848an. Eskuineko diputatu eta finantza ministroa izan zen Turinen, baina kargua utzi behar izan zuen 1852an, ezkerrarekiko hitzarmena (connubio) izenpetu ondoren. Viktor Emanuel II.ak deitu zion berriz ere urte bereko azaroan, eta Piamonteko politikaren buruzagi bihurtu zen Cavour. Italia handiaren ametsak gidatua, frantses eta ingelesekin aliatu zen Austriako Hagsburgotarren aurka eta, Niza eta Savoia Frantziaren esku utzi behar izan bazituen ere, Emilia eta Toskana Piamonterentzat lortu zituen. Garibaldiri emandako laguntza militarrari esker, Napoli eta Sizilia batzea lortu zuen. Italiako batasunaren aitzindari izan zen, baina ez zuen bere ametsa erabat gauzatua ikusterik izan, bera hil baino lehentxeago Italiako erresuma aldarrikatu bazen ere (1861eko martxoaren 14).