Catania, Ricardo
Bizkaitar eskultorea (Bilbo, 1953). Bizkaiko Aurrezki Kutxaren Pintura Sariketa irabazi ondoren, pinturan hasi zen lehenik 1974an, eta urte hartan bertan egin zuen bere aurreneko bakarkako erakusketa Valladoliden. Formen geometria lantzen zuten aurreneko pintura minimalista haietan dimentsioei buruzko hausnarketa egiten zuen, eta hortik aurrerako hurrengo urratsa eskulturagintzan murgiltzea izan zen. Alor horretan garatu du gehienbat bere lana orduz geroztik, nahiz eta pintura erabat ez alboratu. 1981ean Bizkaiko Aurrezki Kutxaren sormen plastikoen beka eskuratu zuen, eta hurrengo bi urteetan horri esker garatu zuen bere lana. Hurrengo urteetan, sari ugari jaso zituen: Amorebietako Euskal Artearen I. Bi Urteko saria 1984an; Villa de Bilbao Arte Plastikoen lehenengo saria 1985ean; Eskulturan bigarren saria Bizkaiko Artean 1986an; Pablo Gargallo Zaragozako eskultura lehiaketako bigarren saria eta Eusko Jaurlaritzak deitutako Gure Artea saria eskulturan 1987an. 1987tik 1991 bitartean, Salamancako Arte Ederren Fakultatean irakasle egon zen. Egun, museo eta arte bilduma garrantzitsutan ikus daiteke bere lana.