Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Çatal-Hüyük

Arkeologia aztarnategia, Konyako ordokian (Turkian) dagoena. Bertan egin diren lanek argi erakutsi dute Çatal-Hüyük Neolitoko hiria izan zela, ustez lehenbizikoa. Arkeologiaren aldetik, hamar maila bereizten dira. Berez hiria zaharragoa bada ere, karbono 14rekin egin diren frogen arabera, badirudi K.a. 6500. urtetik K.a. 5.600. urtera izan zuela Çatal-Hüyükek garrantzirik handiena. Hiriko harresiak dantzako eta ehizako irudiak ditu margotuta apaingarri gisa (aipatzekoa da han agertzen den zezen handia). Aurkitu diren ontziak eta zeramikak erdi biribilak dira, alboetan heldulekuak dituztenak, kolore bakarrekoak eta apaingarririk gabeak. Emakumezkoen irudi txiki ugari agertu dira harriz eta buztinez eginak gehienak, eta badirudi emankortasunaren gurtzarekin zerikusirik badutela eskultura horiek (ama-jainkosa). Ehun hondakinak ere aurkitu dira. Dena dela, Çatal-Hüyük-eko aztarna ezagunenak eta berezienak hiriko hormetan margotuta dauden zezen buruak dira eta baita lurrean sartuta aurkitu diren adar ilerak ere.