Cacoyannis, Michael
Greziar zinema zuzendaria (Zipre, 1922). Melina Mercouri eta Irene Papas antzezleen hastapenak gidatu zituen. Greziar zinemagintza berriaren ordezkari nagusia izan zen 1950eko hamarkadaren amaieran, mundu osoan ezagun bihurtuko zuen filma egin aurretik: Zorba greziarra. Zuzenbidea ikasi zuen, eta Londresera jo zuen segidan, antzerki zuzendari eta antzezle lanetan aurrera egiten ahaleginduz. Greziara itzuli (50eko hamarkadaren erdialdera) eta hainbat film arrakastatsu zuzendu zituen: Stella (1955), Melina Mercourirekin, eta Beltzez jantzitako neska (1956). Horien segidan egin zituen Electra (1962), Irene Papasekin, eta Zorba greziarra (1964), Nicos Kazantzakisen obran oinarritua. Film honetan egin zuen Anthony Quinn antzezleak bere karrerako paperik ezagunenetakoa, eta musika ere (Mikis Theodorakisek konposatua) arras ezaguna bilakatu zen. Troiarrak (1971) eta Ifigenia (1977) filmak ere zuzendu zituen, eta antzerki zuzendaritzan ere jardun izan du.
- Cabriel
- Caccini, Giuglio
- Caceres
- Caceres
- Kako
- Cacoyannis, Michael
- CAD/CAM
- Cadalso, José
- Cadena y Eleta, José
- Cadiz
- Cadiz