Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cadiz

Espainia hegoaldeko hiria eta portua, izen bereko probintziako burua, Ozeano Atlantikoaren ertzean dagoena. 157.766 biztanle. Nekropolis feniziarra, XVI. mendeko harresiak, katedral neoklasikoa (XVIII-XIX. m.), Arte Ederretako museoa eta emakumeen erietxea (1740). Administraziogune garrantzitsua. Apezpikutegia. Garrantzi handiko merkataritza eta arrantza portua da; bertan daude Espainiako ontziola handienak. Arrantza, elikadura industria, ehungintza, kimika eta zurgintza. v Historia. Cadiz Europa mendebaleko hiri zaharrenetakoa da. Feniziarrek sortu zuten K.a. XII. mendean eta Gadir izena eman zioten. Erromatarren garaian Gades izena hartu zuen eta berebiziko garrantzia izan zuen musulmanak iritsi ziren arte (VIII. mende bukaera). Alfontso X.a Gaztelako erregeak hartu zuen 1262. urtean. XVI. mendearen erdialdeaz geroztik, Ameriketako kolonizazioa hasi ondoren, Cadizko portuak gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen Sevillakoaren aldean (1558. urtean lortu zuen larrukiak eta azukreak bertan deskargaraztea, eta ez Sevillan, ordura arte ohi zuten bezala) eta handik aurrera Sevillako portu bihurtu zen Cadiz. Bertatik irteten zuten Ameriketarako eta Indietarako gai gehienek, eta bertara biltzen ziren Espainiako kolonietako gaiak. 1717. urtean igaro zen Cadiza Sevillako Kontratazio Etxea. Cadizen zegoen, bestalde, Espainiako itsas armadaren ontzi base handiena eta eraso ugari pairatu zuen XVI. mende bukaeratik aurrera. XVIII. mendearen erdialdean hasi zen Cadizko portuaren gainbehera. Espainiako independentziako gerran frantses osteek alferrik setiatu zuten (1810-1812). Merkatari burgesia liberala nagusitu zen hirian eta bertara bildu ziren politikari eta intelektual espainiarrek Cadizen aldarrikatu zuten Espainiako lehen konstituzio liberala (ik. Cadizko Gorteak). XIX. mendean Cadizek aurreko mendeetako oparotasuna galdu zuen.