Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bhutan

(Druk-Yul izen ofizialaz). Tibet (Txina) eta Assam (India) lurraldeen artean dagoen Himalaiako estatua. 46.500 km2 eta 1.442.000 biztanle (1990). Mendi garaiak eta haran sakon malkartsuak dira lurralde honetan. Bhutan aldeko Himalaia mendikateak 7.000 m ditu batez beste, Tibeteko mugan. Mendi hauen hegoaldean Assamgo ordokiak daude. Errege batek gobernatzen du «herensugearen herri» deritzon lurralde hau; haranetako erlijio jaunek eta handiki laikoek laguntzen diote erregeari. Bertako hizkuntza Bhutango biztanleria tibetar-birmaniarraren dialekto bat da, dzongka. Bertako erlijiorik zabalduena budista lamaista da. Burujabea bada ere, Indiak bideratzen ditu Bhutango defentsa eta kanpo harremanak. Bideak oso urriak dira (2.000 km 1987an) eta burdinbiderik ez da ia. Europarrek ez dituzte oraindik Bhutango bazter batzuk ezagutzen, oso itxia eta sartzeko zaila baita. 1974an zabaldu zizkion turismoari ateak (2.486 bisitari 1986an). Hiriburua: Thimbu (udan) eta Punakha (neguan).  v  Ekonomia. Haranetan, arroza, artoa, garagarra, fruituak eta lekadunak hazten dira. Abere hazkuntza (ardiak, ahuntzak, yakak). Industriarik ez dago. Eskulangintza.  v  Historia. Bhutango antzinako historia oso gutxi ezagutzen da. VII. mendean onartu zuten budismoa, eta joera lamaista tantrista nagusitu zen. 1720. urtean Txinako gobernari mantxuek Bhutan bereganatu zuten, bertaratu ez baziren ere. XVIII-XIX. mendeetan, britainiarrek babes lurralde bihurtu zuten Bhutan, bertako biztanleekin muga arazoak izan ondoren. Egoera berdintsuan iraun zuen 1949. urtean India burujabe bihurtu ondoren ere, baina indiarren agintepean orduan. Jigme Singye Wangcuk Bhutango erregeak uko egin zion aginpide absolutuari 1968an, eta 1971tik aurrera burujabetasun osoa du. Erlijio buruzagiak (jey kempo) ahalmen handiak ditu.