Bhutto, Benazir
Pakistandar politikaria (Karatxi, 1953). Ali Bhutto Pakistango Lehen Ministro ohiaren alaba da. Estatu Batuetan eta Oxford-en ikasketak egin ondoren, 1977an itzuli zen Pakistan-era, Zia Ul-Haq jeneralak aita kargutik bota baino egun batzuk lehenago. 1979an aita urkamendian hil ostean, ama-alabak hartu zuten beren gain Pakistango Herriaren Alderdiaren buruzagitza. Gobernuan zeuden militarrek etxe barruko atxiloketa ezarri zioten orduan, eta presondegira ere eraman zuten gero. 1984an aske utzi zutenean, Londresera atzerriratu zen, 1986an Pakistanen gerra-legea kendu eta alderdi politikoak legeztatu ziren arte. 1988ko hauteskundeak irabazi ondoren, Pakistango Lehen Ministro bihurtu zen, eta bera izan zen kargu horretarako aukeratutako lehen emakume musulmana. Bi urte geroago, 1990ean, ustelkeriaz eta gaitasun ezaz salatu eta kargutik kendu zuten. Pakistango Herriaren Alderdiak galdu egin zituen hurrengo hauteskundeak, eta Bhutto oposizioko buru bilakatu zen Pakistango Legebiltzarrean, baina bere jarduera politikoa zela medio, Karatxira deportatu eta aldi baterako debekatu egin zioten Pakistango hiriburura, Islamabad-era, sartzea. 1993an, ordea, hauteskundeak irabazi eta berriro Lehen Ministro aukeratu zuten, harik eta 1996an, ustelkeriaz eta kudeaketa txarraz salatua izan ostean, kargutik kendu zuten arte. 1989an argitaratu zuen bere autobiografia, Daughter of Destiny (Halabeharraren Alaba).