Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bhutan

(Izen ofiziala, Bhutango Erresuma; Tibeteraz, Druk-Yul). Asia erdialdeko erresuma, Himalaia mendikatearen ekialdean. Mugak: ipar eta ipar-sartaldean Tibeteko autonomia eskualdea (Txina), sortaldean, hegoaldean eta hego-sartaldean, India. 47.000 km2 eta 2.232.291 biztanle (bhutandarrak). Hiriburuak: Thimphu (udan) eta Punakha (neguan). Hizkuntza: dzong-kha (tibeteraren dialekto bat), ingelesa. Talde etnikoak: bothiak (tibetar jatorrikoak), % 62,5, nepaldarrak. Erlijioak: budistak (lamaistak), % 69, hinduistak % 25, musulmanak % 5. Dirua, ngultruma (Indiako errupiaren parean). ■ Biztanleak eta gizartea. Bhutandar gehienak (% 62,5) bothiak dira, tibetar jatorrikoak, eta dzong izeneko monasterio budisten inguruan bizi dira, herrialdearen ekialdean, batez ere. Monasterio horiek lur jabe handiak dira. Erlijio ofiziala budismo lamaista da: monasterio asko daude, eta monjeak 6.000 inguru dira. Demografia dentsitatea 45 bizt./km2koa, da eta bizi itxaropena 48,5 urtekoa. Haur guztiek 11 urtez eskolara joateko eskubidea badute ere (lehen eta bigarren mailako hezkuntza), oso gutxi joaten dira. Bhutandarren erdiak baino gehiago alfabetatu gabeak dira. Oro har, esan daiteke bhutandarrak pobreak direla baina ez zaiela zer janik eta zer jantzirik falta. Herrialdearen hegoaldea jendetsuagoa da. Eskualde horretan bizi dira nepaldar gehienak (gutxiengo etnikoen artean talderik ugariena). Nepaldar asko, hala ere, agintarien diskriminazio gogorra jasan behar dutela-eta, Nepalera ihes egiten ari dira. ■ Gobernua eta administrazioa. Herentziazko monarkia parlamentarioa da Bhutango erresuma eta Jigme Singye Wangchuk maharaja da gaur egungo estatuburua. Lege aginpidea Tsongdu edo Biltzar Nazionalaren esku dago (151 legebiltzarkidez osatua; horietatik 106 herritarrek hautatutakoak dira, eta gainerakoak maharajak izendatuak edota zeharka aukeratuak). Erregeren Aholkulari Kontseilu bat ere bada, maharajak izendatutako kontseilariez osatua. Nolanahi ere, adiskidetasun hitzarmen iraunkor bat dute Indiarekin eta India arduratzen da Bhutanen defentsaz eta kanpo harremanez. ■ Ekonomia. Biztanleria aktiboaren % 95 inguru nekazaritzan enplegatzen da (laboreak eta abere hazkuntza) eta sektore horri dagokio BPGaren % 40, gutxi gorabehera. Garagarra, garia, artoa eta patatak ekoizten dituzte terraza eran antolatutako soro ureztatuetan (3.000 metroko altueraraino). Hegoalderago, berriz, Himalaia ertaina izeneko eskualdean, arroza da labore nagusia. Fruituak ere ekoizten dituzte (sagarrak, madariak, aranak), baina esportatzeko, batez ere. Abere hazkuntzari dagokionez, jaka da, zalantzarik gabe, Bhutango animalia ezagunena, baina behiak, ardiak eta ahuntzak ere hazten dituzte. ■ Industria arinen bat edo beste hasi da txertatzen (ehunak, porlana, pospoloak, alkoholdun edariak…), baina eskulangintza da oraindik nagusi (larrua, zurak, armak, metal preziatuak, etab.). Bhutango malkarrak eta haran estuak urtegiak egiteko aproposak dira, eta energia elektrikoa ekoizteko erabiltzen dituzte. Indiaren kudeaketei eta diru laguntzei esker errepide batzuk egin dira eta Bhutanek, orain, minerala (kaltzio karburoa), basoetako zura eta elektrizitatea esportatzen ditu. Turismoa ere dibisa iturri garrantzizkoa izango litzateke herrialde honentzat, baina agintariek mugak jartzen dizkiote 1970eko hamarraldiaz geroztik. Merkataritza trukeen % 95 Indiarekin egiten ditu Bhutanek, baina azkenaldian, Indiaren hegopetik atera eta nazioarteko erakundeei laguntza eskatzen hasia da. ■ Historia. Azken urteak. 1968an, maharajak uko egin zion aginpide absolutuari (ordu arte, Biltzar Nazionalaren erabakiei betoa jartzeko eskubidea zuen), eta 1971n eskuratu zuen Bhutanek burujabetasun osoa, nahiz eta, gorago esan bezala, defentsa eta kanpo-harremanak Indiaren esku dauden. Aginpide espirituala, azkenaldian, indarra galtzen ari da, baina oraindik 6.000 bontzo inguru daude jey khempo izeneko agintari erlijiosoaren esanetara. Bhutango politika bi familiaren arteko tirabiretara mugatzen dela esan liteke: alde batetik, Wangchuktarrak daude, 1974an koroatua izan zen Jigme Singye maharajaren familiakoak, eta bestetik, Dorjitarrak, haien aurkariak. Bhutango politika arazoetako bat iheslari tibetarrek sortutakoa da, han geratu baitira bizitzen txinatarrak Tibeten indarrez sartu zirenez geroztik. Bhutango erresumaren egonkortasuna, gaur egun, kolokan jarria dago hegoaldean bizi diren nepaldarren arazoa dela-eta. Agintariek, jarduera “antinazionaletan” aritzearen salakuntzapean, zapalkuntza kanpainak egin dituzte nepaldarren kontra, eta askok Nepalera ihes egin behar izan dute. Eraso terroristak eta giza hilketak ugaritu izanak arriskuan jarri du herrialdearen modernizatze prozesua. Erregimenak derrigorrean “bhutandartu” nahi ditu gutxiengo etnikoetako kideak, hala nepaldarrak nola tibetarrak, eta bhotien janzkerak erabiltzera eta dzong-khaz mintzatzera behartzen ditu. Portaera horrek, ordea, esandako talde etnikoen sentimenduak indartu baizik ez du egiten. Agintariek aldarrikatutako irekitze politika itxura hutsa da: Bhutango Herri Alderdia, esate baterako –aniztasun demokratikoa aldezten du– debekatuta dago. 2008an hauteskunde demokratikoak egin ziren.
http://www.bhutan.gov.bt/government/index_new.php