beriberi
iz. Med. Tiaminaren (B1 bitamina) faltak sortzen duen eritasuna. Nerbioetako gorabeherak (polineuritisa), ondoeza, odolaren zirkulazio zailtasunak (takikardia, hipotentsioa, etab.) izaten ditu beriberiak jotako pertsonak. Ahulezia izaten da hasieran; neuritisa, simetrikoa gehienetan, azaltzen da ondoren, zangoetan bereziki. Sentiberatasuna gutxitzen da, gerritik beherakoa batez ere; gorputzeko atal batzuetan anestesia izaten da eta besteetan berriz hiperestesia. Eritasuna larria denean, plasmaren proteinak urritu egiten dira eta giharrak atrofiatu, gernu gutxi jariatzen da eta bihotza handitu egiten da. Beriberia sendatzeko, B1 bitamina eta proteina asko duten elikagaiak hartu behar dira. Proteina gutxi eta karbono hidrato asko duen janaria jaten den tokietan da ugari beriberia, Ekialde Urrunean eta Ozeano Bareko uharte batzuetan besteak beste: edozein adinetako emakumezkoak nahiz gizonezkoak jo ditzake eritasun honek. v Japoniako itsas armadako medikuntza zerbitzuen zuzendaria izan zen Takaki izeneko sendagile batek eman zuen lehen aldiz beriberiaren etiologiaren berri, haragia eta arraina jaten zen itsasontzietan eritasun hori ez zela agertzen ikusi baitzuen. B1 bitamina Jansen eta Donath-ek bakartu zuten 1926an, eta Williams-ek sintetizatu zuen 1936an.