Benjamin Tuterakoa
(Benjamin ben Yonah, «Yonah-ren semea») Tuteran sortu zen XII. mendeko bidaiari judua (1173 urte inguruan). Politika, erlijio eta merkataritza arrazoiek bultzatuta, bidaia handi bati ekin zion munduan barrena «munduan sakabanaturik zeuden Moisesen jarraitzaile guztiak ezagutu eta zenbatu nahi zituen». Erdi Aroan Txinaraino iritsi zen lehenengo bidaiari europarra izan zen, Marco Polo baino mende bat lehenago. Hebreeraz idatzi zuen bere egunkaria: Sefer ha massa‘ot (Bidaia liburua). Ez da gauza segurua zerk eragin zion bere bidaia. Ekonomia ikuspegiari ematen dion garrantziagatik, harribitxi merkataria zela uste izan da; Jerusalem eta Palestinari ematen dion garrantziagatik, berriz, erromesa zela edo Espainiako juduek beste juduak libre bizi ziren leku batera aldi egiteko lurralde haiek ikertzera bidali zutela uste izan da. Mundu guztiko juduen berri emanez gainera, berak igaro zituen lekuen berri ere ematen du. Benjamin Tuterakoaren Bidaia liburua garrantzi handiko informazio iturburua da gaur egun ere bere garaiko erlijio, arte, ohitura eta beste hainbat alorretako historiarako. Benjamin Tuterakoaren lanaren lehenengo argitalpena (Haren egunkaritik egindako laburpena) Konstantinoplan egin zen 1543an. Eskuizkribu zaharrena XIII. mendekoa da.