Benito, santua
Beneditar ordenaren sortzailea (Nursia, Perusa, 480 inguruan - Montecassino, 547 inguruan). Haren bizitza San Gregorio Handiaren idatzietatik bakarrik ezagutzen da (Elkarrizketak, II). Elezaharrak kutsaturiko kontaketa horretan esaten denaren arabera, Benito goi mailako familia batean jaioa bide zen. Erromara erretorika, filosofia eta zuzenbidea ikastera joan zen baina laster baztertu zen mundutik Subiaco mendian eremutar bizimodua egiteko. Hiru urteren buruan ingurura bildu zitzaizkion ikasleak 12 monasterioetan banatu zituen. Gero, 529. urtean, Montecassinon abatetxe handi bat eraiki zuen eta bertan hil zen 547an. Bere izena daraman erregela idatzi zuen abatexe horretan, monasterio bizitza gobernatzen dituen oinarriak bertan bilduz. Tradizioz, San Benito «Sartaldeko fraideen aitalehena» izan da. Paulo VI.ak Europako zaindari izendatu zuen 1964an. v Jaieguna, martxoaren 21a. Beneditarrek uztailaren hamaikan ospatzen dute beren sortzailearen eguna.