Bécquer, Gustavo Adolfo
(G. A. Claudio Domínguez Bastida) Espainiako poeta eta idazlea (Sevilla, 1836 - Madril, 1870). Umezurtz geratu zen hamar urterekin. Sevillan igaro zuen haurtzaroa eta gaztaroaren parte bat. 1854an Madrila aldatu zen. Lehenbiziko urteetan estuasun handiak pairatu zituen Madrilen eta kazetari bezala lan egin behar izan zuen bizitzeko; hainbat egunkari eta aldizkaritan idatzi zuen garai hartan: El porvenir egunkarian, eta La España musical y literaria eta El correo de la moda aldizkarietan besteen artean. Hogeita bat urte zituela, ordea, gaixotu egin zen, tuberkulosiak jota. Eri zegoela idatzi zuen bere aurreneko elezaharra: El caudillo de las manos rojas. 1861 eta 1865 artean idatzi zituen hain ezagunak egin diren elezahar gehienak eta baita errima batzuk ere. Hitz lauz idatzi zituen lanen artean aipagarria da Leyendas liburua, hogeita zortzi kontakizun biltzen dituena. Hala ere, Bécquer-ek entzute handiagoa du olerkari gisa, hitz lauzko idazle bezala baino. Errealismoa puri-purian zegoen garaian, erromantiko beranta izan zen bera. Lirikotasun handiko poeta izaki, Bécquer hartzen da Espainiako lirika modernoaren aitzindaritzat, eta eragin sakon bezain zabala izan du Espainiako olerkariengan. 1871n, bera hil ondoren, lagun batzuek Rimas izeneko liburuan bildu zituzten haren olerkiak. Laurogeita lau poema labur dira guztira, hainbat aldizkaritan han-hemenka argitaratuak. Bécquer-en poesia formaz laua eta apaindura handirik gabea da, baina, zorroztasunez adierazten ditu bere sentimendu sakonak. 27ko belaunaldiko poetek Bécquer eredutzat hartu zuten. Hala, maitasunaren trataera sotil neurtua, haren olerkien erritmoa, haien musikaltasuna eta iradokizun indarra dira A. Machadok, J. R. Jimenezek, Salinasek, Cernudak eta beste hainbatek ikusten dizkioten balioak.