Baruchello, Gianfranco
Italiar marrazkilari, idazle eta zinemagilea (Livorno, 1924). Zuzenbide ikasketak egin zituen, eta oso gazte zela gai biokimikoen lantegi bat sortu zuen. Negozioa ondo baino hobeto bazihoan ere, 1959. urtean erabat utzi eta pinturari ekin zion bete-betean. Lehenengo aldia esperimentazio aldia izan zen: berniz beltz bat erabiltzen zuen oihal zuri baten gainean, eta osagai gisa ataletan banatutako turbina elektriko bat erabili zuen: Image-stimulation, Entité hostile, etab. 1962-1963 urteetan liburu edo egunkari pilak zuriz pintatzen zituen. New York-en egin zuen lehenengo erakusketarako (1964) irudizko makinen marrazki multzoa osatu zuen plexiglas xaflak elkarren gainka jarriaz. Zoria erabili zuen ondorengo aldian, neurri txikiko irudietan; alboan idatzi batzuk zituztela, alor guztietako gaiak lantzeko aukera ematen zioten. Ondoren bere ametsak grabatu zituen, eta abangoardiako italiar idazleengana hurbildu zen: Abenturak plexiglaseko armarioan (1968). 1964. urtetik aurrera, La Verifica incerta lanarekin bere lan egiteko modua erakusten du. Hondaturik zeuden 150.000 film metro erabili zituen, eta lan horren bidez biluzik uzten zuen Hollywood-eko zinemaskopea, behin eta berriro ematen baitzituen zinema horren estereotipoak. 1968an Artiflex asmatu zuen, industria elkarteen prozedurak imitatzen dituen elkartea hain zuzen. Horretarako egungarietan, tanpoietan publizitatea egiten zuen; asmoa zen “antzerki paketeak” (gauza bitxienekin beteta) bidaltzea eskatzen zutenei; haiei eskatzen zien kapital txikiak emateko eta diru horrekin Pekineko kaleetan pistatxoak banatzeko makina bat jarriko zela. 1982an Stravinskiren Urretxindorra lanaren dekorazioa osatu zuen Milango Scala antzokirako. Sentito vivere (1978) liburuan, bere burua adarbakartzat hartzen du, eta prosazko berrogeita bi poemen bidez berak pintatu ahal izango zituen koadroak deskribatzen ditu.