Bartzelona
(Katalanez Barcelona) Kataluniako portua eta hiriburua eta izen bereko probintziako hiriburua, Espainiako Estatuko bigarren hiria, Mediterraneo itsasoaren ertzean dagoena. 1.907.000 biztanle, 2.867.400 hirialdean (Bartzelona, Badalona, Castelldefels, Gavŕ, Viladecans, Sant Climent de Llobregat, Sant Boi de Llobregat, Prat de Llobregat, L’ Hospitalet, Cornellŕ, Sant Joan d’Espí, Santa Coloma de Gramenet, Cervelló, Sant Vicenç dels Horts, Sant Feliu de Llobregat, Molins de Rei, Pallejŕ, el Papiol, Esplugues de Llobregat, Sant Just Desvern, Sant Cugat del Vallés, Valldoreix, Ripollet, Sardanyola, Sant Adriŕ del Besňs). v Ekonomia. Bartzelona Espainiako Estatuko merkataritza eta industria hiri nagusia da: ehun langintza (kotoia, artilea, ehun sintetikoak), kimika industria (farmazia gaiak), eraikuntza industria eta metalurgia (SEAT automobilak). Merkataritza eta bidaiari portu garrantzitsua dago bertan (19.900.000 tonako trafikoa 1984an, Espainiako 3.a). Bartzelona Katalunia eta inguruko herrialdeetako finantza hiriburua da. Nazioarteko aireportua (El Prat de Llobregat). Azoka eta erakusketa garrantzitsuak egiten dira bertan urtero: Erakustazoka, Automobilaren Aretoa, Itsasoko gaien Aretoa, etab. v Kultura. Kataluniako kultura hiriburua, katalanezko liburu, argitalpen eta agerkariez gainera (bertan ematen dira argitara katalanezko bi egunkari), Bartzelonara bildu da Espainiako liburu eta argitarapen ekoizpenaren zati handi bat. Arte agerraldi guztietako gune, Bartzelona Mediterraneo aldeko kultura hiri nagusietakoa da. Mundu mailako erakusketak antolatu ziren bertan, 1888. eta 1929. urteetan. Olinpiar Jokoen egoitza izan zen 1992. urtean. v Artea. Kataluniako hiriburu historikoa eta Aragoiko errege-erreginen egoitza izaki, hainbat garaitako monumentu ugari ditu Bartzelonak: San Paulo eliza erromanikoa (XII m.), Santa Eulalia katedral gotikoa (XIV m. aurrealdea XIX. mendean berritua), Santa Maria del Mar (1328) eta Santa Maria del Pino eliza gotikoak, Pedralbes monasterio gotikoa. Gotiko zibila: Generalitateko jauregia (XV m.), Lonja eta Orassones delakoa. Modernismoa: Familia Santuaren eliza (Antoni Gaudi i Cornet arkitektoak 1884an hasia), Güell jauregi eta parkea, Musika Jauregia, San Paulo Ospitala, etab. Museoak: Kataluniako Arte Museoa, Picasso Museoa, Etnologia Museoa, Arkeologia Museoa, Zientziaren Museoa, Museo Militarra (Montjuďc Gaztelua), Poble Espanyol (Montjuďc). v Historia. Kartagotarrek iberiarren leinu laietarren egoitza batean eratua (Barcino, Amilkar Barkaren familiaren omenez, K.a. 237), Bartzelona gotorleku erromatarra bihurtu zen (Mons Taber) I. mendean. Ataulfo errege bisigodoak hartuta (415), Tarraconense probintzia erromatarra hartzen zuen erreinu godoaren hiriburua izan zen urte batzuetan. III. mendean eraikitako harresiek eskuraezina bihurtua zuten harrezkero Bartzelona. 712. urtean arabiarrek konkistatua, Ludovico Pio Karlomagnoren semeak hartu zuen 803. urtean eta Bartzelona Marca Hispanica izeneko lurralde frankoko hiriburu egin zuten errege karolingiarrek, bertan konderri bat eratuz. X. mendearen bukaeran (985), Borrell II.a Bartzelonako kondeak frankoengandiko beregaintasuna aldarrikatu zuen, Almantzor ren erasoa jasan ondoren karolingiarrek inolako laguntzarik eman ez ziotela eta: Bartzelonako konderri burujabearen hasiera zen. v Bartzelonako konderri burujabea. Hiria hazi eta aberasten hasi zen neurrian, Bartzelonako kondeek Proventza aldera zabaldu zituzten eremuak (Ramon Berenger III.aren ezkontza, 1112) eta 1137an Ramon Berenger IV.a Aragoiko erregearen Petronila alabarekin ezkondu ondoan, Katalunia eta Aragoi koroa bakar batera igaro ziren (Alfontso II.a, haien semea eta Bartzelonako kondea zena, izan zen Katalunia eta Aragoi batu zituen lehen erregea). Mediterraneoari begira beti, Aragoikoak eta katalanek Mediterraneo aldean egin zituzten espedizio militar eta salerosketa trukeen abiapuntu nagusia izan zen Bartzelona. v Bartzelona Espainiako koroaren mendean. Aragoiko eta Gaztelako koroek bat egin zutelarik (1469), bazter utzi zuten Bartzelona, eta Ameriketako aurkikuntzak areagotu egin zuen bazterreratze hura. Katalanek, bestalde, inoiz ez zuten batasun hori onez hartu eta aurre egin zioten Espainiaren nagusigoari. 1640an, Katalunia Espainiako koroaren aurka altxatu zen Frantziaren babespean (Guerra dels segadors), baina gerra luze baten ondoren, eta katalunek Espainiako errege Filipe IV.ak Kataluniako Foruak (Constitucions) errespetatzea lortu zuten arren, Frantziako koroak Rossellón (Ipar Katalunia) eta Sardinia eskuratu zituen (Pirinioetako Ituna, Faisaien Uhartea, 1659). Bartzelonak nahigabez beteriko egunak bizitu zituen gero: 1705ean ingelesek konkistatu zuten eta 1714an frantsesak sartu ziren bertan (Erregetzarako Gerra). Napoleonen erasoaren garaian, frantsesak sei urtez egon ziren bertan (1808-1814). v Industrializaziotik aurrera. XIX. mendeko hirugarren hamarkadan hasi ziren lehen etorkin oldeak Bartzelonara iristen. 1844 eta 1853 artean bertan zabaldu ziren Estatuko lehen burdinbideak; ehun langintzak izan zuen aurrerakuntza handiari esker enpresa berri asko sortu zen. Egungo Bartzelona itxuratu zuen zabaldegia 1868an (Espainiako I. Errepublika) abiarazi zen, nahiz geldiune asko izan zituen. Bartzelona haziz zihoan neurrian (553.000 biztanle 1900. urtean, milioi bat 1930ean) bertara bildu ziren langile samaldek oso erakunde indartsuak egituratu zituzten: munduko higikunde anarkista indartsuena izan zuen Bartzelonak. 1909ko uztailaren 26tik 31ra, Mauraren Gobernu kontserbadoreak bideratu zuen Marokoko Gerraren aurka altxatu ziren langileak eta kaleak, eraikuntza zibilak eta komentuak hartu zituzten. Zapalkuntza latza izan zen: ehun hildako baino gehiago, bostehun zauritu eta langileen arteko bost buruzagi hiltzera kondenatuak. Lehen Mundu Gerran Espainiak izan zuen neutraltasunak oparotasun handia ekarri zion Bartzelonari. Zapalkuntzagatik ere indartsu iraun zuen langile higikundeak eta XX. mendean bereziki Bartzelonan eta Katalunian gorpuztu zen higikunde abertzale errepublikarrak, Francoren aurkako aldera lerratu zuen Bartzelona. Frankistak 1939ko urtarrilaren 26an sartu ziren Kataluniako hiriburuan. Gaur egun Bartzelona Kataluniako Gobernu Autonomo edo Generalitatearen egoitza da.