Bartzelona
(Katalanez Barcelona) Kataluniako probintzia, Espainiako Estatuko ipar-ekialdean, Mediterraneo itsasoaren ertzean dagoena. 7.733 km2 eta 4.737.707 biztanle (1987). Mugak: Girona, iparraldean; Lleida, mendebalean; Tarragona, hegoaldean eta Mediterraneo itsasoa, ekialdean. Hiriburua: Bartzelona. Hiri nagusiak: Badalona, L’ Hospitalet de Llobregat, Manresa, Sabadell, Tarrasa, Santa Coloma de Gramenet, Villanova i la Geltrú. Espainiako Estatuan jende gehien bizi den probintzia. Hizkuntza: katalana eta espainiera, biak ofizialak. v Orografia. Pirinio Aurreetako gailurrek osatzen dute Bartzelonako mendialdea (Cadí, Montserrat eta Montseny mendiak). Kostaldean beste mendikate bat dago (Tibidabo, Montnegre eta La Morella). Itsasertza laua da. Mediterraneoko klima. Ibai nagusiak: Ter, Llobregat eta Besòs. v Ekonomia. Merkataritza eta industria (ehun langintza, papergintza, larrukiak, metalurgia, automobilak eta janari industria) guztiz garrantzitsuak dira, Bartzelonako portuarekin batera. Nekazaritza ekoizpen handia. Gatz (Cardona), potasa (Suria, eta lignito (Berga) hobiak. v Historia. Probintziaren historia, Kataluniako hiri nagusi den Bartzelonak historian zehar bizi izan dituen gorabeherei loturik egon da. XIX. mende erdialdetik aurrera, etorkin olde handiak egokitu ziren hiriburuan eta inguruko herrietan, industri iraultzak, ehun langintzaren hazkuntzak bereziki, eta Espainiako miseriak hartara eramanak.