Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Asia

Eurasiako alderik handiena (erdialde eta ekialdea). Lurreko kontinenterik handiena da: Asiari betidanik lotu zaion Ekialde Hurbilarekin batera, 44.000.000 km2 eta 2.600.000.000 biztanle. Ural mendiek bereizten dute Europatik; Irango ordokiek, Kaukaso mendikatearekin eta Kaspiar Itsasoarekin batera, Asia Txikitik eta Ekialde Hurbiletik bereizten dute; Bering itsasarteak Ameriketatik, eta Itsaso Gorriak eta Suez ubideak Afrikatik. Lurreko eremu lehorren herena hartzen du; ia osorik Ipar Hemisferioan dago. Asia barruan sartzen dira orobat Japonia, Indonesia eta Malaysiako uhartediak.        
 v  Orografia. Era askotako lurraldeak ageri dira Asian: iparraldean, Siberia eta Mongoliako ordokiak hedatzen dira; erdialdeko lurraldeak oso menditsuak dira (Anatolia, Armenia, Iran, Pamir eta Tibeteko goi ordokiak; Kaukaso, Hindu Kux, Himalaia, Tian Xan, Altai, Kuen Lun, Jablonovii eta Stanovoi mendiak); hegoaldeko penintsulak, oso erliebe higatuz osatuak (Arabia, India eta Indotxina) eta uhartediak (Japonia eta Insulindia). Asian daude lurreko mendi garaienak (Everest, Himalaia, 8.848 m), itsasoko sakanik sakonena (Marianak, Mindanao ekialdea, 11.000 m) eta sakonune itxirik handiena (Itsaso Hila, 393 m itsas mailaren azpitik). Hego-ekialdeko uharteak berriak eta jatorri bolkanikokoak dira (Ozeano Bareko «suzko gerria»). Asia ekialdeko ordokiak alubioi garraiakinezkoak dira gehienak, edo mendilerroen eta itsasoaren arteko zerrenda meheak osatzen dituzte (Annam, Malaysia, Sumatra, Kormandel, Borneo). Ekialdeko itsasertza, bestalde, biztanleria sakabanatu duten badia, golko, uharte eta penintsulez betea ageri da.
 v  Hidrografia. Asiako erliebearen banaketak lau ibai sistema nagusi eragin ditu. 1) Iparraldean, Siberiako sistema: Mongolia nahiz Siberiako mendikateetan sortzen diren ibaiek Iparburuko Ozeanora nahiz Okhotsk Itsasora jotzen dute (Obi, Jenitsei, Lena, Amur). 2) Tibeteko sistema: ibai guztiak Tibeteko goi ordokian jaio eta Txina nahiz Asiako hego-ekialdea zeharkatzen dute, ubide guztiz bihurriak eratuz (Huang-Ho, Jang-Tze, Mekong, Salween, Irauadi). 3) Himalaiako sistema, Himalaian sorturiko ordoki ibaiek osatua (Indus, Ganges). 4) Aralgo sistema, ura Aral barne itsasoan husten duten Amu Daria eta Sri Daria ibaiek osatua nagusiki. Lau sistema nagusi hauez gainera, lurralde bakoitzeko sistemak aurki daitezke.    
 v  Klima. Hain zabala izanik, mota guztietako klimak ditu Asiak. Siberiako klima kontinentala da, neguak izugarri hotz eta gogorrak dituena. Zoruaren parte handi bat izoztua dago (permafrost). Asia erdialdeko lurralde guztietako klima ere kontinentala da. Hegoaldean, monzoiek eragin handia dute. Bertan iristen dira munduko euri kopururik handienak ere (11.000 mm inguru, Bangla Desh-en eta Assam-en). Berorik handiena India eta Pakistan arteko Thar basamortuan egiten du. Lurralde hotzena, bestalde, Siberiako ipar-ekialdeko Verkoianks da (-66° C). Asia hego-ekialdean eta Txina hegoaldeko kostaldeetan tifoi ugariko klima tropikal euritsua da nagusi. Sonda uharteetako klima aldiz, ekuatoriala da, urtarorik gabea. Beste lurralde batzuek, azkenik, klima bereziak dituzte (Tibet, 4.500 m-tik gora dagoen ordokia; Kuro-shio itsas-laster beroak Japonian eragiten duen egoera berezia, etab.).        
 v  Landaredia. Iparraldetik hasita hegoalderantz, alde handiak daude landaredian, lurralde batetik bestera, klimaren arabera: Iparburuko Ozeano aldeko tundra, Siberiako konifera oihan handiak gero, eta urki nahiz lertsun basoak ondoren. Hegoalderago belar estepak zabaltzen dira (Mongolia, Kazakhstan iparraldea), Kaspiarretik Gobi basamortura luzatzen den lurralde idorraren mugan. Tibeten mendi garaietako landaredia aurki daitekeen bitartean, India eta Asiako hego-ekialdea oihan tropikalez horniturik ageri dira. Malaysia eta Sonda lurralde tropikalak dira. Txina iparraldean, estepak eta oihanak tartekatzen dira. Txina hegoaldean, ordea, oihan subtropikal hezea ageri da. Japonian hiru klima bereizten dira: siberiarra, epela eta subtropikala. Asian landare mota guztiak aurki daitezke ia. Animaliei buruz, beste horrenbeste esan daiteke.  
 v  Etnografia. Asiako gizakiaren lehen aztarnak guztiz antzinakoak diren arren (Pekingo sinantropoa, Javako «homo soloensis»), arrazak berandu arte baizik ez ziren banatu, antza denez. Lau gizatalde handi bereiz daitezke Asian: paleo-siberiarrak, turko-mongolak, indoeuroparrak eta indonesiarrak, mendeetan zehar elkarrekin nahasi diren arraza-familia desberdin askotan banatuak. Paleo-siberiar jatorrikoak dira Siberian bizi diren herriak (tunguzak, samoiedoak, ainuak,…); turko-mongolak, Asia erdialdeko, Mongoliako eta Txina iparraldeko mongolak eta turkoak; indonesiarrak Asiako hego-ekialdean eta, mongoloideekin nahasian, Txina hegoaldean; indoeuroparrak, azkenik, Indiako, Afganistango eta Asia erdialdeko lurralde batzuetan egokitu ziren. Gizatalde handi horien ingurukoak dira jatorria oraindik behar bezala ezagutzen ez den beste arraza batzuk: Hego Indiako drabidiarrak, japoniarrak, tibeto-birmaniarrak, Môn-Khmer eta melanesiar bide diren Sonda uharteetako biztanleak. Asiako arraza nagusia, halaz ere, mongoloidea dela esan daiteke: ilea beltza eta leuna; larruazala, boli koloretik hori ilunera; betazalen toles epikantiarra eta, jaiotzean, giltzurrunen gaineko orbana, «mongoliar» izenekoa. Asiarren altuera herritik herrira aldatu egiten da: ipar txinatarrak garaiak eta sendoak dira; hegoaldekoak, berriz, txikiak eta argalagoak. Asia erdialdeko mendialdeetan maiz ageri da begi argiko indoeuroparra. Arraza zabalduenen ondoan, beste txikiago batzuk desagertzear daude gaur egun (Sri Lankako veddak, Filipinetako negritoak, Japonia iparraldeko ainuak). Arraza migrazioak ibaiei jarraituz gertatu izan dira gehienetan, itsasertzerantz betiere. Barneko lurraldeek, herri nomaden bizileku izaki, ez dute inoiz biztanleria dentsitate handirik izan. Nekazari jendez osaturik dauden itsasertzeko ordokiek eta ibai bokalek (Ganges aldea, Txina hegoaldeko haranak), aldiz, giza kontzentrazio handiak dituzte. Eskualde hauetan (Ganges aldeko India, Txina) oso laster garatu ziren anitz zibilizazio.           
 v  Historia. Gure garaia baino lehenagotik, ugari izan dira Asiaren eta Europaren arteko harremanak: erromatarrek bizigune batzuk eratu zituzten India hegoaldean eta, beharbada, Indotxina hegoalderaino ere iritsi ziren. Alexandroren gudarosteak Indus ibai ertzeraino heldu ziren. Hauen ondoren, Ekialdeko Asiarekiko lotura bakarra, Iran, Bagdad eta Bizantziora, zetaren bidean barrena, Txinatik heldu ziren karabanek osatzen zuten. Turko-mongoliarrek Errusia eta Erdialdeko Europara egin zituzten bidaldien bidez jakin ziren Asiari buruzko lehen berriak. Ondoren etorri ziren Marco Polo Giovanni da Pianoren bidaiak, portugaldar eta holandarren itsas aurkikundeak, jesuiten egokimendua Txinako gortean. Lurrin ontzien garapenarekin batera, Asiarako egarria piztu zen europarren artean: ingelesek eta frantsesek India aldera jo zuten, herri ugari ibili zen Txinako kostaldeko hiriak konkistatzeko gatazkan, Frantziak Indotxinako alde bat hartu zuen beretzat, espainiarrak Filipinetan egokitu ziren, errusiarrek Siberiaren konkista bukatu zuten.   n Banaketa politikoak. Luzaroan kolonizaturik bizi ondoan, estatu burujabeek osatutako kontinentea da egun Asia. Errusiarrek ustiatzen dituzten Siberia handi zabaleko biztanle gutxiko lurraldeak, eta herri kolonizatzaile europarren esku dauden portu batzuk (Hong-Kong, Makao) bazterrera utzita, estatu burujabeak osatu dira, nahiz eta burujabetza horiek behinolako kolonizatzaileen gogora gertatu, askotan, eta nazionalitateak errespetatu gabe, beste hainbatetan. Txina da Asiako estatu garrantzitsuena, zabalena (Asia sobietarra izenekoaren ondotik) eta jendeztatuena. India dator ondoren, Pakistan, Afganistan eta estatu himalaiarrak (Nepal, Sikkim eta Bhutan) inguru geografiko berean dituelarik. Hego-ekialdeko Asiak Birmania, Thailandia, Laos, Kanbodia eta Vietnam estatuak hartzen ditu mendebaldetik ekialdera. Asia Erdialdearen mendebaldean lau errepublika ageri dira: Kazakhstan, Tadjikistan, Uzbekistan eta Turkmenistan, Kaspiar Itsasoa eta Tian Xan mendikatearen artean. Mongoliako herri errepublika Siberia eta Txina arteko mendien artetik ageri da. Koreako penintsula Mantxuriatik irteten da. Uharte estatuen artean, azkenik, hauek aipatu behar dira: Sri Lanka (Zeilan zena), Indiaren hegoaldean; Andaman eta Nikobar uharteak, Birmania eta Sumatra artean; Malaysiako federazioa (Malaysiako penintsula eta Borneo uharteko iparraldea); Indonesia (Sumatra, Java, Bali, Sonda Txikiko uharteak, Kalimantan —Borneo uharteko alderik handiena—, Sulawesi uharteak, Maluku uharteak eta Irian, Ginea Berriko mendebaldea; Filipinetako uhartedia; Taiwan uhartea, egun Txinatik bereizia, eta Japonia: ekialdean dagoen Asiako lurraldea, lau uharte bolkanikok osatua. Estatu barruko arazo politikoek, kanpoko herrien laguntzaz, hautsi dute zenbaitetan herrien batasun etnikoa. Korea bitan banatu zen 1953an: Ipar Korea, errepublika herritarra, komunista, eta Hego Korea, errepublika kapitalista, gaur ere tinko dirauen banakuntza. Gisa bereko bereizkuntza izan zuen Vietnamek 1954 eta 1976 urteen artean: errepublika herritarra Ipar Vietnamen eta Ipar Amerikaren mendeko errepublika hegoaldean. Ipar Vietnameko gudarosteak Hego Vietnameko gerrillariekin bat eginik, Hego Vietnamgo eta Ameriketako Estatu Batuetako armadei nagusitu ondoren berriz batu zen Vietnam. Taiwan uharteko errepublika Txinako kapitalismoaren feudoa izan zen, 1949tik aurrera, kontinenteko Txina komunistaren aurrez aurre. Herri desberdin asko hartzen zituen Indiako estatu koloniala bitan banatu zen 1947an: mendebalde eta ekialdeko lurraldeek Pakistan estatua osatu zuten (gehiengo musulmana), eta erdialdeko zatirik handienak Indiako errepublika. 1971. urtean, Ekialdeko Pakistan bestetik bereizi eta Bangla Desh estatua sortu zen bertan. Historian zehar burujabe izan zen Tibet, Txinaren mendean dago gaur egun. Asiako herri guztiak ari dira, zein bere aukera politikoen arabera (sozialismoa nahiz ekonomia liberala), industrian eta ekonomian duten atzerapenaren aurkako ahaleginean. Japonia eta Txina dira nagusi arlo honetan.