EUSKARAZKO LITERATURA ITZULPENA
Irabazlea: Xabier Olarra Lizaso eta Arantzazu Royo Manterola
Izenburua: Jakobian eraikina (Alaa Al Aswani)
Argitaletxea: Igela
18.000 euroko saria.
Epaimahaia:
- Elizabete Manterola, epaimahaiburu
- Bakartzo Arrizabalaga, epaimahaikide
- Joxe Austin Arrieta, epaimahaikide
- Karlos del Olmo, epaimahaikide
- Imanol Zurutuza, epaimahaikide
- Marta Merino, epaimahaiko idazkaria (botorik gabea)
EPAIMAHAIAK IKUSITAKO MERITUAK
Epaimahaiaren iritziz, hizkuntza kalitate oso ona erakusten du euskaraz itzulpen lan honek. Hizkera aberats eta joria nabari daiteke testuan. Ederki josi dute itzultzaileek euskaraz pertsonaia ezberdinei buruzko zatitxoz osaturiko puzzlea.
Bestalde, Egiptoko kultura gurera gerturatzeko ahalegina egin dute itzultzaileek. Azpimarratzekoa da jatorrizko testua arabieratik euskarara zuzenean ekartzearen meritua. Itzultzaileek duintasunez gainditu dituzte arabieratik euskarara itzultzeko zailtasunak. Orobat, jatorrizkoan agertzen diren pertsona eta toki izenak euskarara egokitzeko egindako ahalegina ere nabarmendu nahi du epaimahaiak.
SARITUTAKOARI BURUZKO HAINBAT DATU
Xabier Olarra (Tolosa, 1953).
Xabier Olarra Lizaso Filosofia eta Letretan lizentziatua da (Hizkuntza Erromanikoetan, hain justu) eta, hainbat urtez euskarako eta euskal literaturako irakaslea izana bada ere, 1988tik 2010era bitartean Nafarroako Gobernuko itzultzaile izan da.
Itzultzaile gehienek ez bezala, Olarrak literatur itzulpengintzaren lubakiaren bi aldeak ezagutzen dituela esan daiteke: alde batetik, hogei urte egin ditu literatura itzultzen, bere kutuna duen genero beltzeko eleberriak, besteak beste; bestetik, editore lana zer den ere ondo ezagutzen du, 1989ko apirilean Joseba Urteagarekin eta Jose Manuel Gonzalezekin batera Igela argitaletxea osatu zuenetik.
1983an itzuli zuen bere lehen lana, eta harrezkeroztik hainbat eta hainbat lan euskaratu ditu. Bere itzulpenetako zenbait: Antropologo bat Marten (Oliver Sacks), Postariak bi aldiz deitzen du beti eta Iruzurgilea (James M. Cain), Azken hitzordua (Sandor Márai), Deabruaren Hiztegia (Ambrose Bierce), Kameleoientzako musika, Odol hotzean eta Eskuz landutako hilkutxak (Truman Capote), Historiarik goibelena (Madox Ford Ford). Aipatutakoez gain, beste hainbat autore ezagun ere itzuli ditu: hala nola Ernest Hemingway, Robert Louis Stevenson, Jack London, William Faulkner, Jim Thompson, W. Somerset Maugham, Philippe Claudel... Raymond Queneauren Estilo-ariketak liburuaren itzulpenari esker jaso zuen 2006an Euskadi Saria.
Arantzazu Royo (Hernani, 1967).
Arantzazu Royo Manterola hogei urte pasa egin ditu EIZIE elkartean, bulegari. Itzulpen eta Interpretazioan lizentziatua, 2004an.
Literatur itzulpenari dagokionez, lantaldean hasi zen H.C. Andersenen 19 ipuin (Ibaizabal, 1997) euskaratzeko, Martxel Eguen itzultzaile-taldearekin.
Arabiera eta itzulpengintza, biak lantzeko asmoz, Mohamed Xukri idazlearen Ogi hutsa liburua itzuli zuen arabieratik (Igela, 2010), eta Xabier Olarrarekin lankidetzan jardun zuen gero Alaa Al Aswaniren Jakobian eraikina liburuaren itzulpenean. Mohamed Xukriren Hutsegiteen garaia (trilogia ospetsuaren 2. liburukia) lanaren itzulpena du orain esku artean.
JAKOBIAN ERAIKINA (Alaa Al Aswani)
Jakobian eraikina 1930ean altxarazi zuen Hagop Jakobian armeniarrak, Suleiman Baxa kalean, Kairoko Erdigunean. Leku bikaina aukeratu, eta etxe benetan dotorea eraiki zuen. Eleberriko gertaerak 1980 ingurukoak dira, Golkoko gerraren garaikoak, eta horkoak baino garai hobeak ezagutu ditu Eraikinak.
Orain, pertsonaia batzuek bulego edo etzanlekutarako erabiltzen dituzte garai bateko etxe luxuzkoak. Beste batzuek, berriz, etxegainean bizi beharra daukate, eraikin dotore horretako trastelekuak izandako gela ziztrinak aterpe bihurtuta.
Denetik aurkituko dugu eraikinean: hemen aristokrata gonazale bat, hor Le Caire egunkariko zuzendari homosexuala, han gar erlijiosoak jotako gazteak edota aberats lizunkoiak, libera ziztrin batzuen truke familia errukarrietako neskez gozatu nahi dutenak.
Ustelkeria eta esplotazio lotsagabeena nahasian ibiliko dira. Tahak, atezainaren semeak, baditu bere emaztegai Busainarekin bete nahi dituen amets eta irrikak. Baina, ikasle bikaina izanik, ustelkeriarekin topo egitean, talde islamista erradikalekin lotuko da, eta erabaki horrek ondorio latzak izango ditu.
ZATIA
Ustekabean, zartako sail etengabe bat bezala sentitzen zituen buruan torturaren oroitzapenak: jipoiak eta laidoa, eta zeinen ahul, leher eginik eta lur jota sentitu zen bortxatu zuten bakoitzean. Nola hasten zen negarrez, eta nola erregutzen zien soldaduei ez sartzeko gehiago makila lodi hura gorputzean; bere ahots ahul eta etena: “Emakumea naiz” esanarazten ziotenean. Berriro jo, eta nola zuen izena galdetzen zioten, eta hil-ahotsez esaten zien: “Fauziya”, soldaduei algara galantak eraginez, film barregarri bat ikusten ari balira bezalakoak. Hori guztia zuen gogoan Tahak, eta ezin izaten zuen lo hartu. Gauak esna ematen zituen, zauriak berritzen. Aurpegia uzkurtu ilunpetan, eta arnasa azkartzen zitzaion. Korrika ari balitz bezalako arnasestua egiten zitzaion, eta gorroto eutsiezin batek hartzen zuen mendean, eta ez zitzaion baretzen harik eta ofizialen ahotsez oroitu, garbi bereizi, eta oroimenean zehaztasun osoz gogoan hartzen zituen arte. Gero, dardara eragiterainoko sentipen bortitz bat nagusitzen zitzaion: mendeku-gosea. Torturatu eta bortxatu zuen bakoitzari ordaina ematen irudikatzen zuen bere burua.
FINALISTAK
- Itziar Diez de Ultzurrun. "Brodecken txostena" (Philippe Claudel). Argitaletxea: Igela
- Mikel Irurtia. "Hau gizon bat bada" (Primo Levi). Argitaletxea: Alberdania