EUSKARAZKO SAIAKERA
Irabazlea: Inazio Mujika Iraola
Izenburua: Xabier Lete (auto)biografia bat
Argitaletxea: Alberdania
18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
- Ainhoa Larrañaga, epaimahaiburu
- Eduardo Apodaka, epaimahaikide
- Juan Jose Garcia Garmendia, epaimahaikide
- Jose Maria Larrea, epaimahaikide
- Maria Jesus Pacho, epaimahaikide
- Marta Merino, epaimahaiko idazkaria (botorik gabea)
EPAIMAHAIAK IKUSITAKO MERITUAK
Biografia edo autobiografia honetan Xabier Leteren barruko ahotsa entzuten dugu eta haren haritik testuinguru sinkroniko eta diakronikoaz jabetzen. Materialaren hautaketa eta lanketa ez ezik, bereziki aipagarria da liburuaren antolaera sotila eta gaiak josteko era.
Edukien aldetik, oso liburu interesgarria dokumentu giza herri honetako joan den mendi erdian gertaturikoa ezagutzeko, kulturaren ikuspegitik beti ere. Estiloaren aldetik, ahozko iturri batetik paperera eramaterakoan, ondo islaturik dator Leteren esateko kadentzia eta musikalitatea.
SARITUTAKOARI BURUZKO HAINBAT DATU
Argazkia: Mikel Fraire
Inazio Mujika Iraola (San Sebastián, 1963).
Maisu eta Euskal Filologia ikasketak egin zituen. 1987an Azukrea belazeetan izeneko ipuin bilduma argitaratu zuen. 1991n Linkon kontakizun laburra, gazte sail batean; eta 1994an Hautsaren kronika ipuin bilduma (Kritika saria 1995); 1995ean, hiru ipuin bildu zituen Matriuska izeneko liburuxkan; 1997an, Joxean Muñozekin elkarlanean Urgulleko arima herratua kontakizuna argitaratu zuen. 1999an, Gerezi denbora izeneko eleberria argitaratu zuen eta 2007an Sagarrak Euzkadin kontakizuna.
Ignacio Aldecoa saria jaso zuen Tu quoque ipuinarekin (1990) eta Irun Hiria saria Itoak ur azalera bezala ipuinarekin (1992). LUR Hiztegi Entziklopedikoaren erredakzioan parte hartu zuen.
XABIER LETE (AUTO)BIOGRAFIA BAT
Gehiegi izango da esatea euskaldun guztion hezkuntza sentimentalean badela Xabier Leteren kanta bat baino gehiago? Ez dut uste. Euskaltzaleon soinu bandan behintzat badira haren ahotsean nahiz beste kantari batzuenean euria bezain leun sartu zaizkigun poesia zati melodiaz lagunduak.
Liburu honetan Inazio Mujika Iraolak egin duena izan da Xabier Leteri egin zizkioten hainbat elkarrizketa bildu, transkribatu eta Leteri berari aukera eman bere bizitzaren berri eman diezagun, bere lanaren berri, bere bizipen eta oroitzapenena, bere fedearena, bere adiskidetasunena, iritzi politikoak, kantuari eta poesiari buruzko iritziak, gure herriari buruzkoak eta herritarrei buruzkoak. Fedea eta Jainkoa, sufrimendua eta heriotza…
Elkarrizketagileak desagertu egiten dira, liburua prestatu duen editorea ere bai, eta Xabier Letek berak hartzen du protagonismoa.
ZATIA
Leihoak irekita bizi behar dela uste dut nik, ze bestela bizitza galdu egiten duzu. Gertatzen dena da ba, askotan, praktikotasun aldetik eta esfortzuaren, ekonomiaren aldetik, hobe izaten dela leihoak ixten joatea, bestela ba halako estres batean eta halako antsietate batean bizitzen zarelako. Nik leiho dezente itxi behar izan ditut, beti izan naiz pertsona bat, eta beharbada zoritxarrez, pixka bat desorekatua horretan, desbideratua, baina beti leiho asko irekita bizitu nahi izan dut leiho horietara agertzeko, nire burua ateratzeko eta handik begiratzeko.
Gustatu izan zait izadia, gustatu izan zaizkit hiriak, lurraldeak, paisaiak, gustatu izan zait musika, literatura, arkitektura asko gustatzen zait, pintura ere bai. Ez dakit, hamar mila gauza gustatzen zaizkit. Paseatzea gustatzen zait, eta isiltasuna, zer esanik ez. Eta orduan, pixka bat, ba bueno, literaturarekin eta letrekin ere hori gertatu izan zait. Autodidakta bat naiz, formazio akademikorik ez dut, baina hala ere, saiatu izan naiz nire bizitzako urte batzuetan filosofia irakurtzen, eta literatura zer esanik ez, gehiago literatura narratiboa, gehiago, eta saiatu izan naiz, ahal dudan neurrian, ahal nuen tokietara hurbiltzen, beti muga izugarriekin. Eta batek zenbat eta ahalegin gehiago egin ikasteko eta irakurtzeko eta ikusteko, jakiten du eta konturatzen da gero eta ezjakinagoa dela.
FINALISTAK
- "Euskal harriak". Joseba Azkarraga Etxagibel. Argitaletxea: Alberdania