zuntz
iz. Hariaren osagai bakunetako bakoitza, izpia. ◊ Eho eta irun daitekeen gaia, hari itxurakoa. || Landare edo animalien ehunen osagai oinarrizkoa, hari itxura duena. ◊ Hariaren itxurako gauzakia. v Zuntz artifizialak. Teknol. Oro har, gizakiak sortu eta zuntz egitura duten produktu guztiak. Zuntz artifizialak organikoak eta inorganikoak izan daitezke. Zuntz organikoak polimero naturalez (zelulosa) edo ez naturalez egiten dira; horiek zuntz sintetiko deitzen dira; poliamida zuntzak (nylon-a), poliester zuntzak, poliakriliko zuntza eta poliuretano zuntzak dira garrantzizkoenak. Zuntz artifizial inorganiko garrantzizkoenak beira-zuntza eta metal-zuntzak dira. v Beira-zuntza. Zuntz artifizial inorganikoa, osaera kimikoa beira arruntaren antzekoa duena. Beira urtua tinkatuz lortzen da, oso hari meheetan. Beira-zuntzaz material bakartzaile akustikoak, elektrikoak, eta termikoak egiten dira. Polimeroekin (poliesterra, esate baterako) nahasten da egitura zurrunak egiteko. Besteak beste, itsasontziak egiteko erabiltzen da. v Karbono zuntza. Erresistentzia handiko material arina, karbono atomoak kristal egituran dituena. Plastikoak eta metalak gogortzeko erabiltzen da; besteak beste, arrantza kanaberak, bizikletak, tenis-erraketak eta eskiak egiteko erabiltzen da. v Zuntz optikoa. Kuartzoarekin eta germanioarekin nahasturiko silizeaz osaturiko zuntza; hari mehe baten itxura izaten du, eta laser argiaren bulkadak ia bat-batean igortzeko ahalmena du. Ehun bat zuntzez osatutako hodi edo kableak erabili ohi dira, datuak igortzeko ahalmen handia dutenak; gaur egun ordenagailu edo telefono bidezko komunikazioan erabiltzen dira besteak beste. v Zuntz akrilikoa. Katea luzeko polimero sintetikozko zuntza, ehungintzan erabiltzen dena.