Zumalakarregi Imaz, Tomas
Gipuzkoar militarra (Ormaiztegi, 1784 - Zegama, 1835). Lehen Karlistadan, Euskal Herriko karlisten buruzagi nagusia izan zen. ik. karlistada. Independentziaren gerran, Zaragozara joan zen borrokan parte hartzera (1808). Zaragoza bigarren aldiz setiatu zutenean, frantsesek preso hartu zuten, baina ihes egitea lortu eta jaioterrira itzuli zen. Gaspar Jauregiren taldean, kapitain zela, gudu askotan parte hartu zuen (1809-1813). 1813an, Freire jeneralaren agindupean, San Martzialgo guduan borrokatu zen. 1820ean, ideia atzerakoiak zituela eta, López Baños jeneralak armadatik bota zuen; ondoren, Quesadaren zerbitzura jarri zen, eta teniente koronel izendatu zuten (1822). Portugalgo mugara bidali zuten, eta hango ekintza batzuei esker, koronel gradua lortu zuen. Ferrolgo gobernari militarra izan zen, baina La Granjako matxinadaren ondoren, absolutistekin bat ez zetorrela leporatu zioten, eta Iruñera bidali zuten (1832). Fernando VIIa. hil zenean, karlistada hasi zenean, gudaroste karlistan sartu zen, Iturralderen agindupean. Geroztik, eta hil zen arte, karlisten buruzagi nagusia izan zen. Espainiako iparraldeko armadako jeneralen kontra borrokatu zen behin eta berriz (Sarsfield, Valdés, Quesada, Rodil, Mina), eta gudaroste sendoa eratu zuen. Borroka gogorrak izan zituen liberalen kontra; ia Nafarroa osoa, Trebiñu, eta Bizkaia eta Gipuzkoa (hiriburuak ezik), karlisten esku jarri zituen. Don Karlosen aldeko ostearekin gorabeherak izan zituen: Zumalakarregik Gasteiz eskuratu eta Madril aldera jo nahi zuen, eta karlistek, britainiarren laguntza lortzearren, Bilbo setiatzea erabaki zuten.Otxandio eta Durango aldera joan, eta 1835eko ekainaren 10ean hasi ziren Bilbo setiatzen; 15ean zauritu egin zuten, eta handik egun gutxira hil zen. ik. karlistada.