Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zumarraga

Gipuzkoako erdialdeko udalerria, Izaspi (969 m, Irino (696 m), Trapaleta (527 m) eta Goitimendi (641 m) mendiek inguratua (Goierri). Mugak: iparraldean eta ekialdean, Urretxu; mendebalean, Antzuola; hegoaldean, Legazpi. Garaiera, 353 m. 16,5 km2. 1997ko datuen arabera, 10.354 biztanle (zumarragarrak). Urola ibaiak hegoaldetik iparraldera igarotzen du. Euskara, gipuzkera. Hizkuntza banaketa 1996an: 3.581 euskaldun, 1.156 ia-euskaldun eta 2.050 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusiak: industria (altzairugintza, altzarigintza, hoditeriak, zurgintza, janari industria, ehungintza, industria kimikoa; langileen % 70) eta zerbitzuak (oinarrizko zerbitzuak, irakaskuntza, administraritza; langileen % 25); ekonomia eremu (Beasain-Durango, Azpeitia-Azkoitia) garrantzitsu baten erdian egoteak erraztu egin zuen 50. urteez geroztiko industriaren garapena. Aipagarriak dira XVI. mendeko euskal gotiko moldeko Ama Birjinaren Jasokundearen parrokia eliza (erretaula nagusi barrokoa, XVIII. mendeko ataria eta dorrea) eta Antiguako Ama ermita erromaniko-gotikoa (Andra Mariaren irudi gotikoa, kalbario gotikoa). v Historia. 1384. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Zumarragako herria, hots, Urretxuko herriaren mendean jarri zenean. Urretxuren mende egon zen 1411. urtean bereizi zen arte. XVI. mende bukaeran herria ia erabat suntsitu zuen sutea gertatu zen eta mende bat geroagokoak (1682) Eizagako auzoa erre zuen. 1782. urtean idatzi ziren lehen udal ordenantzak. v 1934. urteko batzarra. Errepublikako gobernuaren (CEDAren esku) eta nazionalistek eta ezkertiarrek osatzen zuen oposizioaren arteko gatazkak zirela eta, 1934. urteko irailaren 2an Zumarragan izan zen batzarra. Errepublikako gobernuak Kontzertu Ekonomikoak indargabetzeko asmoak agertu zituen eta horren aurrean kexu agertu ziren euskal udalak. Kontzertuen alde egiteko batzordea osatu zen eta batzordearen alde zeuden euskal eta kataluniar parlamentariak aipatutako egunean bildu ziren Zumarragako udaletxera, baina goardia zibilak diputatuei baizik ez zien eman sartzeko baimena eta euskal zinegotzi eta alkate ugariri sarrera eragotzi zien. Indalecio Prieto, Jose Antonio Agirre, José Horn, Manuel Robles, Heliodoro de la Torre, Rafael Pikabea, Telesforo Monzon eta Manuel de Irujo elkartu ziren besteak beste eta, ministro ohia izanik, Indalecio Prieto izan zen batzarburua. Nazionalisten eta ezkertiarren arteko bilera hau eztabaidatua izan zen oso, handik gutxira urriko iskanbilak gertatu baitziren. Lehenxeago, irailean, 1.500 zinegotzi, alkate eta udal-langileei isunak jarri zizkieten udalerrien arteko Batzordearen alde agertzeagatik.