Yersin, Alexandre
Frantses bakteriologoa, jatorriz Suitzakoa (Mogues, 1863 - Nha-Trang, Annam, Frantziako Indotxina, 1943). Pasteur Institutuan Roux-en lankide izan zen difteriaren toxinari buruz egin zituen ikerketetan. 1894an izurriaren baziloa aurkitu zuen, ia Kitasatoren aurkikuntzaren garai berean; Pasteurella pestis, Yersinia pestis edo Yersin-Kitasatoren baziloa izenez ezagutzen da harrezkero. Pasteur Institutuko zenbait lan talderen zuzendari izan zen Indotxinan. Hala, oihana ikertzeko eta esploratzeko bidaiak egin zituen, kina arbolak hango girora egokitzen saiatu zen eta kautxu landaketen lehen bultzatzaileetakoa izan zen.