Ye Juanying
Txinatar politikaria (Meihsien, Kuang-tung, 1899 - Pekin, 1986). Yunnan-go Akademia militarrean egin zituen ikasketak. Geroxeago Sun Yat-senen higikunde nazionalistako kide egin zen. Zhou Enlairen adiskidea zen gaztetandik. 1927an Txinako Alderdi Komunistako kide egin zen. “Ibilaldi Luze” delakoan (1934-36) estatuko buruorde izan zen. Txinako Alderdi Komunistaren biltzar nagusiko kide izan zen 1945tik aurrera eta idazkari 1946tik aurrera. 1973an alderdiko lehendakari orde izendatu zuten. Defentsako ministro izan zen, eta Mao hil ondoren Txinako estatuko buru, Herriaren Batzarreko batzorde iraunkorreko buru izendatu zutenean, 1978ko martxoan. Deng Xiaoping-en erreformen kontrako izan zen gehienetan, eta 1985ean bere kargu gehienak utzi zituen, Politburoko kide izatea barne.