Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Yazd

edo Yezd. Iran erdialdeko hiria, Irango goi-ordokian, 1.200 m-ko garaieran. 223.000 biztanle (1985). Klima basamortukoa da. Lurrazpiko ubideez loturik dago Shir Khu mendiekin, eta handik ekartzen da hiriko eta inguruetako premiak asetzeko behar den ura. Nekazaritza, abere hazkuntza eta haiei loturiko industria (kotoia, artilea, zeta, fruituak, barazki kontserbak) dira ekonomia jarduera nagusiak. Kobre meategiak ere badira inguruetan. Historian zehar garrantzi handia izan du Asiako erdialdeko merkataritzan, Khorasanerako bidea eta Irakekiko lotunea baitzen; Asiako erdialdea eta India lotzen zituzten merkataritza bide nagusiak bertatik igarotzen ziren. Hiriko biztanle batzuk Zoroastroren jarraitzaileak dira (Yazd da Iranen geratzen den zoroastrismoaren azkeneko gunea). Sasanien garaietatik ospe handia izan zuen bertako zetak, eta gaur egun ere garrantzi handia du zeta industriak. Aipatzekoak dira hiriko monumentu, mausoleo eta mezkitak, Masjed-e Jom-eh (Ostiraleko mezkita) batez ere, Irango minareterik garaienak dituena. Oro har edertasun bereziko hiria da Yazd: minareteek, etxeak aireztatzeko dorreek (lurpeko ubideetatik haizea hartuz) eta etxe gangek itxura bitxia ematen diote.