Yanguas y Miranda, José
Nafar politikaria, idazlea eta historialaria (Tutera, 1782 - Iruñea, 1863). Familia apaleko semea zen. Ramón de Pignatelli kanonigoaren babesari esker Iruñeko apaizgaitegian eta eskolapioetan ikasi ahal izan zuen. 1796an Tuterako udaletxean lanean hasi zen eta 1806an idazkari izendatu zuten. 1817an Nafarroako Gorteetan parte hartu zuen Tuterako sindiku gisa. 1823an preso hartu zuten konstituzioaren alde egiteagatik. Kartzelatik irten eta Baionan erlojugile gisa aritu zen denbora batez, eta Donostian gero (1826). 1830ean bere herrialdera itzulirik, Nafarroako artxibo zaina izendatu zuten. 1833an liberalak nagusitu ziren Iruñean eta 1834an Yanguas y Miranda alderdikidea Foru Aldundiko behin-behineko idazkari ezarri zuten. 1837an karguan berretsirik, bizi artean postu berean iraun zuen. Espainiako Historiako Errege Akademiako kide izan zen. Obra historikoak eta juridikoak idatzi zituen, ongi dokumentatuak eta zabalak, hala nola: Diccionario histórico-político de Tudela (1823); Diccionario de los fueros y leyes de Navarra (1828); Diccionario de antigüedades (1840–1843). Gainera, beste mota askotako idazlanak argitaratu zituen, besteak beste: Diccionario de palabras anticuadas (1854); Vida del Capitán D. Juan Lanas (1845), eleberri historiko errealista; Análisis apologético-crítico del juego llamado monte (1854), jokoaren kritika, etab.
- Yamashita, Tomoyuki
- Yamussukro
- Yang Txu
- Yang, Frank
- Yangtze
- Yanguas y Miranda, José
- Yanke, Germán
- yanki
- yanomami
- Yantai
- yao