Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Yangtze

edo Yangtse. Txinako ibaia, Asian den luzena. 5.500 km ditu; batez beste 29.000 m3/s-ko emaria du. Yangtzeren arroak denetara 2 milioi km2 ditu. Ts´inghai-n sortzen da, 5.000 metro inguruko garaieran. Hasieran hego-sortaldera jotzen du zintzur sakon eta malkar handietan behera. Gero ipar-sortaldera jotzen du Arro Gorriraino. Bitarte horretan ibai handi batzuen emaria jasotzen du, Long-kiang eta Min ibaiena besteren artean. Arro Gorrira heltzen denean 300 metroko garaierara jaitsia da dagoeneko, baina 3.000 km ditu handik itsasoraino. Txong-king igarotzerakoan berriz oso haran estutik barrena doa eta Yin-txang-en ostera zabaldu eta baretu egiten da. Zati horretan itsasontzi txikiak ibiltzen dira ibaian. Yin-txang-en (41 m) ordeka handi batean sartzen da eta handik aurrera itsasoko kargaontziak ere ibil daitezke ibaian. Porturik garrantzitsuenak Yin-txang-goa eta Shashe, Wuhan, Kieu-kiang, Ngan-king, Wu-hou eta Nankin-goa dira zati horretan. Tong-ting eta Po-yang aintzira handiak ere ordeka horretan dira, eta ibaiaren emaria zaintzeko eta uholdeak eragozteko balio dute, udan eurite handiak izaten baitira. Ur aldietarako, dena den, alborako ubidea ere egin zaio ibaiari. Yangtze ibaiak guztizko garrantzia du Txinaren ekonomian, Txinako eskualde jendetsuenetakoetatik igarotzen baita.