Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Wroclaw

(Al. Breslau). Poloniako hego-mendebaleko hiria eta izen bereko voivoderriko (6.287 km2 eta 1.126.300 biztanle) hiriburua, Silesia Beherean, Oder ibaiaren ertzean. 642.300 biztanle. Unibertsitatea. Trenbide gune garrantzitsua. Administrazioa, merkataritza eta industria (metalurgia, kimika industria, ehungintza, tresneria elektrikoa eta mekanikoa) dira ekonomia jarduera nagusiak. Monumentu ugari ditu, gehienak Bigarren Mundu Gerraren ondoren berrituak: San Joan Bataiatzailearen katedrala, XIII-XIV. mendeetako eliza gotikoak eta XVIII. mendeko unibertsitate barrokoa. v Historia. Poloniaren mende egon zen X. mendetik aurrera. 1241. urtean mongoliarrek hustu zuten eta alemaniarrek konkistatu eta berriro eraiki ondoren Bohemiako etxearen mende egon zen 1335. urtetik aurrera. 1526. urtean habsburgotarren esku zegoen, eta 1742. urtean, Silesiako lurralde gehienak bezala, Prusiari lotu zitzaion. Kalte handiak jasan zituen Bi Mundu gerretan.