Woolf, Virginia (Stephen)
Ingeles idazlea (Londres, 1882 - Lewes, Sussex, 1941). Leonard Woolf, senarrarekin, Hogarth Press argitaletxea sortu zuen (1917), besteren artean Katherine Mansfield eta T.S. Elliot ezagutarazi zituena; bestalde, Woolf senar-emazteen etxea “Bloomsbury Taldea”ren (E. M. Forster, R. Fry, J. M. Keynes, etab.) biltoki izan zen. Virginia Woolf XX. mendeko eleberrigintzaren berritzaile nagusietako bat da; kontzientziaren isuria deitu den teknikaren bitartez, egunoroko bizikizunak adierazten saiatu zen bere kontakizunetan, aldi berean prosa poetikoa, sinbolikoa eta bisuala erabiliz. Woolfen eleberrien artean aipagarrienak hauek dira: Jacob’s Room (1922, Jakoben gela), Mrs. Dalloway (1925), To the Lighthouse (1927, Itsasargira), Orlando (1928), The Waves (1931, Uhinak), eta Between the Acts (1941, Ekitaldien artean). Literatura kritikako saiakera garrantzizkoak egin zituen halaber, horien artean klasiko handiei buruzko ideia orijinalak zekartzan The Common Reader (1925, Irakurle arrunta). Biografiak eta emakumeen eskubideen aldeko saiakerak ere idatzi zituen: Three Guineas (1938, Hiru ginea). Itota aurkitu zuten; dirudienez bere burua hil zuen.
- Wonsan
- Wood, Natalie
- Wood, Sam
- Woodward, Joanne
- Woodward, Robert Burns
- Woolf, Virginia (Stephen)
- Worcester
- Worcester
- Wordsworth, William
- World Wide Web
- Worms